Itxi

ELIKAGAIEN BILKETA

Arabako supermerkatuek elikagaiak bilduko dituzte urtarrilaren 1ean eta 2an

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Elikagai ez-galkorrak bilduko dituzte, eta baita higiene eta umeentzako elikadura artikuluak ere.

Arabako eligagai bilketaren aurkezpena. EiTB

Arabako 80 bat supermerkatuk parte hartuko dute Vital Fundazioak eta Arabako Elikagaien Bankuak urtarrilaren 1ean eta 2an antolatu duten bilketa kanpainan. Helburua elkarte solidario hori hornitzeko 270.000 kilo elikagai lortzea da.

Daniel Fernandez Arabako Elikagaien Bankuko zuzendariak eta Jon Urresti Vital Fundazioaren zuzendariak 1.500 boluntarioren kolaborazioa izango duen bilketa kanpaina aurkeztu dute. Gasteizen ez ezik, Arabako beste udalerri askotan ere egingo dute; Laudion, Amurrion, Agurainen, Araian eta Santikurutze Kanpezun, besteak beste.

Fernandezek nabarmendu duenez, “herritarren solidaritatea gakoa da” erakundeak laguntza ematen jarraitu ahal izateko. “Gure helburua herritarrak emaile eta boluntario gisa jardutea da, 2018. urtean zehar beharrizana duten pertsonen elikadura premiak asetzeko”, gaineratu du.

Horretarako, Gabonak iritsi aurretik urtero egin ohi duen moduan, Elikagaien Bankuak kanpaina berezia prestatu du, elikagai ez-galkorrak biltzeko: lekaleak, pasta, olioa, esnea, azukrea eta kontserbak, eta baita higiene eta umeentzako elikadura produktuak ere. Bestalde, Arabako Elikagaien Bankuko despentsa bete nahi dute ekimen horren bidez, premiazko produktuen defizita ez izateko eta herritarrak inguruan ditugun hainbat familiak dituzten beharrei buruz kontzientziatzeko.

Gainera, saltoki horietako bi kateetan “elikagai bonoak” jasotzeko aukera emango dute. Bono horien bidez jasotzen duten diru guztia Elikagaien Bankuari emango diote urtean zehar behar dituzten elikagaiak eta produktuak eskuratu ditzaten.

Bestalde, Urrestik Vital Fundazioak elkarte horri ematen dion laguntza azpimarratu du, eta 2017an Elikagaien Bankuari egindako ekarpena handitu egin dela jakinarazi du.