LURRALDEBUS
Lurraldebusek igandera zabalduko ditu ospitaleetarako zerbitzuak
Ixone Arana | EiTB.eus
E03 (Pasai Donibane-Lezo-Errenteria-Donostia) eta E07 (Pasai San Pedro-Pasai Antxo-Donostia) lineek zerbitzua eskainiko dute bi ordutik behin
Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldebusek Donostiako ospitaleetara joateko eskaintzen dituen zerbitzuak luzatu ditu. Horrela, 2017ko abenduaren 3tik aurrera, garraio zerbitzua egongo da igande eta jaiegun guztietan E03 linean (Pasai Donibane-Lezo-Errenteria-Donostia) eta E07 linean (Pasai San Pedro-Pasai Antxo-Donostia).
Marisol Garmendia Mugikortasuneko diputatuak adierazi duenez, “mugikortasun kolektiboa errazteko, benetako premiei erantzuteko eta lurraldeko herritarrei zerbitzu egokia emateko berretsi nahi dugun apustua da”. Bestalde, horren esanetan, “zerbitzuaren hobekuntza garrantzitsua da, Pasaialdeko erabiltzaileek aspalditik eskatutakoa”.
E03 linea 08:05ean jarriko da abian Pasai Donibanen, eta bi ordutik behin egongo dira autobusak 20:05era arte. Poliklinikatik, zerbitzuak 09:35ean hasiko dira eta autobusak bi ordutik behin egongo dira 21:35era arte.
E07 linearen kasuan, berriz, lehen zerbitzua igandeko 09:05ean hasiko da eta bi ordutik behin egongo dira autobusak 21:05era arte. Poliklinikatik San Pedrora joango den lehen zerbitzua 08:35ean hasiko da, eta azkena, berriz, 20:35ean, bi ordutik behingo maiztasunarekin.
Garmendiak esan duenez, “2017ko lehen seihilekoan, 165.400 pertsona ibili dira bi linea horietan, hau da, joan den urteko aldi berean baino 10.000 erabiltzaile gehiago”, eta zerbitzu berriei esker hazten jarraitzea espero dute.
Horrela, Oarsoaldeak bat egingo du Buruntzaldean ez beste gainerako eskualdeetan ospitaleetarako zerbitzu hori eskaintzen duten Gipuzkoako gainerako eskualdeekin: Debabarrenean, Mendaroko ospitalera; Debagoienean eta Goierrin, Zumarragako ospitalera; eta Urola Kostan, Donostiako ospitaleetara.