Hezkuntza
Bilbok gauean ikasteko gela bat irekiko du lehenengoz Azkuna Zentroan
E. L. | eitb.eus
01:30 arte egongo da zabalik, abenduaren 11tik urtarrilaren 25era arte.
Unibertsitateetako azterketen garai berrirako, Bilboko Udalak ikasteko gelen sare bat prestatu du. Gauean ikasteko gela bat egongo da, lehenengoz, 01:30 arte, Azkuna Zentroan (CAC1 gela), eta 300 pertsonarentzako lekua izango du, abenduaren 11tik urtarrilaren 25era arte, Udalak agiri batean azaldu duenez.
Guztira 955 plaza eskainiko dira astegunetan. Udalak azterlan bat egin zuen iaz, lehen seihilekoan, hiri guztian ikasteko zeuden gelak zenbat eta nolakoak ziren jakiteko.
Datu horiek eskuetan hartuta, proba pilotu bat abiatzea erabaki du orain: gauean ikasteko gelak irekitzea 2017-2018 ikasturteko azterketen garaian.
Bilboko Udalak aisialdia eta kultura sustatzeko duen zentro horretan ez ezik, beste leku askotan ere egokituko ditu ikasteko gelak. Ordutegiak, baina, ez dira leku guztietan berdinak izango.
Asteburuetan, 586 plaza egongo dira Deustun, Otxarkoagan, Txurdinagan, Zorrotzan eta Azkuna Zentroan.
Udalaren sarean ez ezik, Foru Liburutegian, EHUn eta Deustuko Unibertsitatean ere badaude ikasteko gelak.