Asteburu honetan
19 kalderero-tribuk musikaz beteko dute Donostiako Alde Zaharra larunbatean
Erredakzioa
Igande eguerdian, Inude eta Artzainen Konpartsaren txanda izango da; urtero bezala, festa eramango dute Alde Zaharrera.
Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionala osatzen duten 19 tribuetako 400 bat lagunek musikaz eta kolorez beteko dute Donostiako Alde Zaharra larunbat gauean, otsailaren 3an, eta ordu batzuk geroago, igande eguerdian, Inude eta Artzainen Konpartsaren txanda izango da. Hori ere Alde Zaharretik irtengo da, eta Gipuzkoako hiriburuko hainbat kale zeharkatuko du. Asteburua festa giroan biziko dute, beraz, donostiarrek, eta Inauteriak ospatuko dituzte hurrengo astean, otsailaren 8an hasita. Egun horretan hasi eta hilaren 12ra arte, Momo Jainkoa izango da bertako erregea.
Larunbatean, otsailaren 3an, Hungariako Kaldereroen Konpartsak 21:45ean ekingo dio bere ibilbideari, Fermin Kalbeton kalean (ordu-laurden bat lehenago, 21:30ean, denak bilduko dira, Lasala Plaza parean); ibilbide hau egingo dute: Fermin Kalbeton, San Jeronimo, Konstituzio Plaza, Arrandegi kalea, Narrika, Sarriegi, Sarriegi Plaza, Bretxa, San Juan, San Vicente, Esperanza Elkartea, Euskal Herria (Union Artesana), Narrika, Abuztuaren 31ko kalea, Kanoietan, Hamaikak Bat, Abuztuaren 31ko kalea, Gaztelupe, Santa Maria, Kale Nagusia, Fermin Kalbeton, Mari, Euskal Bilera, Koruko Andre Mariaren kalea eta Gaztelubide.
Kukai dantza-taldeko Nagore Martinez izango da aurtengo Erregina; Damak, aldiz, Nerea Vesga eta Vanesa Castaño izango dira (haiek ere Kukaikoak dira).
Hungariako Kaldereroen Lehen Konpartsa ere larunbat gauean bilduko da, 21:45ean, Santa Mariaren atarian, eta 22:00etan hasiko da Alde Zaharretik ibiltzen; Gaztelubiden amaituko du desfilea, 02:00ak aldera. Kaldereroen beste hainbat konpartsa irtengo dira ostiralean, larunbatean, eta, batzuk, aurreko egunetan eta ondorengoetan (ikusi hemen ordutegiak eta ibilbideak).
Inude eta Artzainen Konpartsa, igande eguerdian
Larunbat gaueko desfileak amaitu eta berehala, Kresala Elkartearen Inude eta Artzainen Konpartsa izango da protagonista. 12:00etan hasiko da, igandean, desfilea, Alde Zaharretik; berriro ere, inudeek eta artzainek egiten zuten gorteiatzea ekarriko dute gogora (azken horiek hirira jaiesten zirenean gertatzen zen hori).
Inude eta Artzainen beste zenbait konpartsak ere prest dituzte ordutegiak eta ibilbideak, ondorengo egunetarako; ikusi hemen.
>.