Zezenketak
Donostian zezenketen inguruko galdeketa egiteko formula bat eskatu du Eguzkik
Agentziak | Erredakzioa
Talde ekologistaren arabera, Eneko Goia alkateak data zehaztu zuen arren (2017ko otsailak 19), oraindik ‘emandako hitza bete gabe’ jarraitzen du.
"Ezkutaleku juridikoak" alde batera utzi eta "lehenbailehen" zezenketei buruzko galdeketa egiteko "formula bat erabaki" dezala eskatu dio gaur Eguzki talde ekologistak Eneko Goia Donostiako alkateari.
Talde ekologistaren arabera, Eneko Goia alkateak data zehaztu zuen arren (2017ko otsailak 19), oraindik "emandako hitza bete gabe" jarraitzen du.
2016an "Donostia antitaurina orain!" plataformak galdeketa baten aldeko 10.000 sinadura aurkeztu zituela gogoratu du Eguzkik, Illunbeko udal instalazioetan zezenketa-ikuskizunak egin behar diren ala ez erabakitzeko.
Espainiako Gobernuak, bere aldetik, "bertan behera uzteko makineria" martxan jarri zuela azaldu dute ekologistek. Lehenik eta behin, Udalak aho batez onartutako Kontsultetarako Udal Araudiaren aurkako helegitea jarri zuen. Ondoren, ministroen kontseiluak galdeketa debekatu zuela gogoratu du Eguzkik.
Ondoren, Goiak "herritarrek iritzia ager zezaten beste bide batzuk aztertuko zituela" esan zuela argitu du. Eguzkiren aburuz, ordea, bide horiek indarrean daude dagoeneko; esaterako, "Urrezko Danborra nori eman" erabakitzeko erabiltzen baititu Udalak.
Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak orain dela gutxi ebatzitako epai baten arabera, Udalak erabateko gaitasuna du Illunben zer-nolako jarduerak egin daitezkeen erabakitzeko. Hori dela eta, alkateari ez zaiola "ezkutaleku juridikorik geratzen" berretsi du talde ekologistak.