Astronomia
Starlight gau astronomikoa, Donostian
agentziak | erredakzioa
Udaletxean teleskopioak jarriko dituzte datorren apirilaren 20an, gauean izarrez betetako zerua ikusi ahal izateko.
Gau astronomikoa egingo du Donostiako Udalak datorren ostiralean, apirilaren 20an, zeruko izarrez gozatzeko, eta, horretarako, teleskopioak jarriko ditu udaletxeko terrazan. “Starlight gaua: Izarrak piztu!” lelopean, Udalak itzalaldia egingo du eraikinean 21:00ak eta 23:00ak bitartean.
Horrenbestez, Donostiako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak bat egin dute berriz ere “Starlight” ekimenarekin, gaueko zeruko elementuak babestearen alde daudela adierazteko.
Udalaren arabera, ekitaldiaren helburuak dira argi-kutsadura saihesteko neurriak hartu behar direla erakustea eta izarrak ikusteko “eskubidea” aldarrikatzea.
Izarrez gozatzeaz gain, eta zeruko elementuak hobeto ezagutzeko helburuz, antolatzaileek azalpenak emango dituzte Stellarium programaren bidez. Gainera, bertaratutakoen artean mural bat eratuko dute.
Aranzadiko Astronomia departamentua eta Bergarako Ilartargi Astronomia Talde arduratuko dira terrazan teleskopioak jartzeaz. Era berean, teleskopioak eta prismatikoak eramateko eskatu diete bertara joateko asmoa duten herritarrei, gauaz gozatzeko.