Itxi

Zorrotzaurre

Etorkizuneko uhartearen bigarren zubia eraikitzeko lanak hasi dira Bilbon

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

San Ignazio auzoa eta Zorrotzaurre lotzeko zubiaren lanak hasi ditu aldi baterako enpresa-elkarteak (Ferrovial eta Viconsa). Zubia amaitzeko 17 hilabete beharko dituzte.

Zorrotzaurre (Bilbo). Artxiboko irudia: EiTB

Ferrovial eta Viconsa konpainiek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteak San Ignazio eta Zorrotzaurre lotzeko zubia eraikitzeko lanak hasi ditu. Bilboko itsasadarrean sortuko den uhartea lotzeko eraikiko duten bigarren zubia da.

Visesa Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko elkarte publikoak bultzatu ditu lanak. Zubia bukatzeko 17 hilabete beharko dituzte, eta ia 10,2 milioi euroko aurrekontua.

Frank Gehry zubia egin ondoren, bigarren biaduktua eraikiko dute orain. Gehryren lana 2015eko irailean inauguratu zuten, Zorrotzaurreko hegoaldea Deustu auzoarekin lotuz. Bigarren zubiak etorkizuneko uhartearen iparraldea San Ignazio auzoarekin lotuko du.

Deustuko kanala zabaltzeko lanak amaitzen direnean, Zorrotzaurreko penintsula uhartea bihurtuko da.

75 metroko luzera eta 28 metroko zabalera

San Ignazio zubia Balear Uharteak kalearen luzapen bat izango da, eta 75 metro luze eta 28 metro zabal izango ditu, ibilguan inongo euskarririk gabe.

Bestalde, altzairu herdoilgaitzeko eta hormigoizko egitura mistoa izango du zubiak. Oinezkoentzako bi espaloi, bidegorri bat, garraio publikoarentzako bi errei eta gainerako ibilgailuentzako beste bi izango ditu azpiegiturak.

Visesak agiri batean azaldu duenez, azpiegitura zubi integrala izango da, zabalkuntza-junturarik gabe, funtzionaltasuna hobetzeko eta kontserbazio zein mantentze-lanak murrizteko helburuarekin.

Zubiaren taulan kanalizazioak jarriko dituzte, bi ibaiertzetako zerbitzu sareak lotzeko.

Albisteak (2)