Gipuzkoa
Donostiak, Tolosak, Zarautzek eta Irunek Bicibizi jaia egingo dute aste honetan
agentziak | erredakzioa
Bi gurpiletako ibilgailuaren festa tailerrek, bizikleta elektrikoen maileguak, zirkuituak eta erakusketak osatuko dute.
Bicibizi bizikletaren jaialdia aste honetan, maiatzaren 23, 26 eta 27an, egingo da Donostian, Tolosan, Zarautzen eta Irunen. Ekitaldiaren bigarren edizio honetarako, hainbat jarduera antolatu dituzte, besteak beste, “pump track” zirkuitua, bizikleta elektrikoen mailegua, “spinning” solidarioa eta Donostian urtero egiten den bizikleta azoka.
El Diario Vascok, Donostiako Udalak eta Irungoak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak, Ingurumen Departamentuak eta Turismo eta Kirol Departamentuak eta Energiaren Euskal Erakundeak antolatu dute bi gurpilen festa hau.
Aurreko edizioan, 2017an, 7.000 pertsonak parte hartu zuen bertan, eta, hori dela eta, Tolosa eta Zarautzera helduko da aurten Bicibizi larunbatean, maiatzaren 26an, eta aurretik, Irunera, asteazkenean, hilaren 23an.
Bizikletaren erabilera sustatzea helburu, Donostiako Okendo plaza izango da jaialdiaren epizentroa, eta hainbat proposamen izango dira bertan goizetik gauera. Bigarren edizio honetan, bizikleta elektrikoen mailegua, “Slow race” lasterketa, “Spinning solidarioa” eta “Klima-aldaketaren aurka pedalei eragin” ekimenak izango dira ibilgailu hau bultzatzeko.
Zirkuituak egongo dira bizikletan aritzeko. Bat “pump track” estilokoa izango da, eta igoerak eta jaitsierak eta oztopoak izango ditu; beste bat bide-segurtasuna lantzeko izango da, eta hirugarrena, pedalik gabeko Molto bizikletak erabiltzeko. Gainera, BMX espezialitateko akrobazien erakusketak egongo dira eta sprint erronkak.
Ume eta helduentzako tailerrak ere egongo dira Bicibizin, zulatuak eta kateak konpontzen ikasteko, besteak beste, eta “Ekobike” gunea sortu dute ondo pasatzeko eta sormena lantzeko.
Larunbatean, Tolosan, umeentzako bizikleta lasterketa egingo dute; Zarautzen, berriz, gauean, bizikleta eta patin lasteketa izango da. Aurretik, asteazkenean, hilaren 23an, Irunen, “pump track” zirkuitua eta “klima-aldaketaren aurka pedalei eragin” ekimena izango da, Ficoban.
Bestalde, Donostiako Udalak Bizikletaren V. Azoka antolatu du astebururako, eta bertan, azken nobedadeak ezagutu ahalko dira, erakustoki espezializatuak egongo dira eta materiala erosi ahalko da.