Automobil elektrikoak
“Zero emisioak” eta “ECO” ibilgailuak dira Bilboko taxien etorkizuna
agentziak | erredakzioa
Udalaren aurreikuspenen arabera, urte amaierarako 15 autotaxi elektriko ibiliko dira Bilboko kaleetatik, eta horrek gehiago zailduko du “piratek” zerbitzua eskaintzea.
Bidariak Herri Barruan eta Herriz Kanpo kotxez garraiatzeko Udal Ordenantza berriaren arabera, zero emisioak dituzten edo “ECO” etiketa duten taxiek bakarrik eskaini ahalko dute taxi zerbitzua Bilbon 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera.
Alfonso Gil Bilboko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak Udalean aurkeztu du proiektua, baina Udalbatzak onartu beharko du. Ingurumen irizpideak izan dituzte kontuan proposamen egiteko, eta hiriko ibilgailuen flota eraldatzearen alde egin dute horietan oinarrituta.
Ordenantza berriak jasotzen duenez, lizentzia berriak “zero emisioak” edo “ECO” etiketa duten taxiei emango dizkiete.
Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziaren esanetan, hirian zerbitzua ematen duten 774 taxi lizentziak babestu nahi dituzte, eta “piratek” ezingo dutela Bilbon zerbitzurik eman esan du. “Taxi-gidariek kalitatea hobetu nahi dute, eta kalitatea hobetzeak zaildu egingo du lehia, batez ere lehia hori desleiala bada”, gaineratu du.
Diru-laguntzak
Horren hitzetan, Udalak bi motatako diru-laguntzak atera ditu aurten sektore honi laguntzeko: batetik, motor konbentzionaletik motor elektrikora pasatzeko (10.000 euro, eskari bakoitzeko), eta, bestetik, taxiak egokitzeko (5.000 euro, eskari bakoitzeko). Horrela, urtea bukatu aurretik, 15 taxi elektriko ibiliko dira Bilboko kaleetatik, aurreikuspenen arabera.
Aldaketak
Udalbatzak onartuz gero, lanaldiari ere eragingo dio ordenantza berriak. Bertan jasotakoaren arabera, lanaldia 10 ordukoa izango da astegunetan eta 12koa larunbat, igande eta zubietan. Gainera, taxien irudia berritu egingo dute, taxien alboetan bandak eta logotipo berria jartzeko eta lizentzia kopurua aldatzeko proposamena onartuz gero, eta taxien publizitatea arautuko dute.