Sariak
Bilbok gaur hartuko du munduko 50 jatetxe onenak iragartzeko gala
Agentziak | Erredakzioa
Kritikari gastronomikoak, eragin-sortzaileak eta munduko sukaldari onenak izango dira gaur Bilbon munduko 50 jatetxe onenak saritzeko galan, Euskalduna Jauregian.
Bilbok gaur (asteartea) hartuko du munduko 50 jatetxe onenak iragartzeko gala, "Gastronomiako Oscarrak" bezala ezagutzen direnak.
'The World's 50 Best Restaurants' ekimena Londresen egin izan da orain hiru urtera arte; aurreko urteetan New Yorken (AEB) eta Melbournen (Australia) egin dute, eta Bilbon egingo dute aurten.
Hori horrela, kritikari gastronomikoak, eragin-sortzaileak eta munduko sukaldari onenak izango dira gaur Bilbon munduko 50 jatetxe onenak saritzeko galan, Euskalduna Jauregian. "Toki pribilegiatua da, itsasoaren eta lurraren arteko topaketa paregabea", esan du Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiak.
Bestalde, Eneko Atxaren hitzetan, "ohorea" da horren ospe handiko jendea Bizkaian batzea. "Poztu egiten nau Euskadi sukaldaritzako gune izateak", esan du.
Azurmendi jatetxeko sukaldariak iaz 38. postua lortu zuen jatetxe onenen zerrenda horretan, eta aurten ez dagoela urduri aitortu du. Atxaren ustez, "garrantzitsuena" berarentzat zein lurraldearentzat gastronomiarekin harremana duten horrenbeste jende elkartzea da.
Ekitaldi nagusia, arratsaldean hasiko da Euskalduna Jauregian. Ondoren, festa egingo dute San Mames estadioan.
Bestalde, ekainaren 17an, Donostian, Basque Culinary Centerrek #50BestTalks hitzaldiak eskaini zituen, eta nazioarteko gonbidatu ugari hartu zituzten bertan.
Atzo, hilaren 18an, Bilboko Guggenheim Museoak artea eta gastronomia uztartzeko ekitaldia hartu zuen, eta munduko sukaldari onenek bilera pribatua egin zuten Bittor Arginzonizen Etxebarri erretegian (Axpe, Atxondo).