Jaiak
Lau adinekok botako dute Andre Maria Zuriaren jaietako suziria
eitb.eus
Adinekoentzako zentro soziokulturaletako lau adinekok, bi gizonek eta bi emakumek, botako dute abuztuaren 4an, Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emateko suziria.
Udalaren adinekoentzako zentro soziokulturaletako lau adinekok, bi gizonek eta bi emakumek, botako dute, abuztuaren 4an, Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emateko txupinazoa. Aurten alderdi sozialistari dagokio aukeratzea, eta taldeak erabakia hartutakoan, gaur goizean iragarri du Peio Lopez de Munain alkateordeak.
Lau pertsona horiek zozketa bidez aukeratuko dituzte, eta zentro horiek dituzten 33.000tik gora erabiltzaileetako edonork eman dezake izena.
"Izendapen honekin adinekoek gizartean egiten duten lan handia aitortu nahi dugu", esan du Lopez de Munainek.
Lau horietako bat izateko, adinekoentzako 15 zentro soziokulturaletakoren batean eman behar da izena. Horrez gain, bada beste baldintza bat: erabiltzaile txartela izatea.
"Zentro horietako lana ere nabarmendu nahi dugulako egiten dugu horrela. Partaidetzarako eta elkartzeko gune horiek adinekoen bizi-kalitatea eta horien irudia hobetzen laguntzen digute", adierazi du Gasteizko alkateordeak.
15 zentro horietako bakoitzean zozketa bat egingo da uztailaren 4an, eta gizon eta emakume bat izendatuko dute bakoitzean. Aukeratutako 30 lagunen artean beste zozketa bat egingo da uztailaren 5ean, eta hortik izango dute abuztuaren 4an Zeledonen jaitsiera eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak abiatuko dituzten suziria botatzeko ohorea.