Itxi

Donostia

La Bretxa eraldatzeko akordioa lortu dute

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Merkatua lekuz aldatuko da, eta baserritarren postuak San Joan kaletik Arkoak eraikinaren hegoaldera mugituko dira, plazan bertan.

Donostiako Bretxa. Argazkia: EiTB

Donostiako Udalak eta Abastos Gestion Bretxaren ustiapena duen enpresak akordioa lortu dute Arrandegia eraikina eta gune osoa eraldatzeko prozesua abian jartzeko.

Eneko Goia Donostiako alkateak eta Jaime Gomez de Baluguera Abastos Gestionen ordezkariak eman dute akordioaren berri prentsaurreko batean, eta Udalak ohar batean argitu du "lan-hitzarmenaren aldaketa" datorren asteartean onartuko duela.

Txosten berrian agertzen denez, merkatu tradizionala eta bertako produktuena kalearen mailan dagoen solairuan jarriko dute, Arrandegia eraikinean, hori baitzen Udalaren helburuetako bat.

Merkatu tradizionala lekualdatzeaz gain, baserritarren postuak San Joan kaletik Arkoak eraikinaren hegoaldera mugituko dira, plazan bertan.

Erdiguneko eraikina, 'tupperware' deitzen diotena, kendu egingo dute, plaza publikoagoa izango da, eta baserritarren postuen eta merkatuaren arteko joan-etorriak, errazagoak.

Bretxa berriak, merkatu tradizionala indartzeaz gain, osasun eta kirol zentroak izango ditu, lehen solairutik hirugarrenera.

Gainera, lan-hitzarmen berrian zehaztu dute hiru milioi euro ordainduko dituela Abastos Gestion enpresak Udalari esleipenagatik.