Itxi

Baskonia Kirol Hiria

Gasteizko Bakh kirol instalazioetan legionella agerraldia baieztatu dute analisiek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Datorren astean kirol instalazioetan lagin berriak hartuko dituzte Udaleko teknikariek, legionella fokua desagertu den edo jarraitzen duen egiaztatzeko.

Bakh Baskonia kirol hiria. Argazkia: Bakh

Bakh Baskoniaren kirol hirian Legionellaren presentzia baieztatu dute Gasteizko Udalaren laborategiak egindako azterketek, Udaleko iturriek gaur jakitera eman dutenez.

Gaixotasunak alarma piztu zuen ekainaren 20an. Pneumoniak jota osasun zentroetan lau pertsona artatzen ari zirela jakinarazi zion Osasun Sailak Udalari. Legionella agerraldi posible baten biktimak eta guztiak Bakheko sparen bezeroak ziren.

Egun batzuk geroago, Osakidetzak beste kaltedun bat baieztatu zuen, eta baita beste kasu posible bat. Bi pertsonak kirol instalazioak erabili zituzten.

Sparen eta instalazioen ur berotik lagin batzuk hartu zituen Udalaren osasun zerbitzuak ekainaren 20an bertan. Emaitzen zain, arriskuak saihesteko “premiaz” hartu beharreko neurrien berri eman zizkien Udalak kirol guneko arduradunei.

Horrela, spa itxi, hustu eta garbitzeko agindua eman zuten. Era berean, ur hotz zein beroaren sare guztia desinfektatzeko agindua eman zuten.

Dutxa guztietako alkatxofak kendu zituzten; izan ere, bakterioa airearen bidez kutsatzen da, ur lainoztatzearen bidez, alegia.

Gaur analisien emaitzaren berri eman dute. Legionellan positibo eman dute azterketek. Bakheko eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko arduradunak jakinaren gainean jarri dituzte.

Datorren astean kirol instalazioetan lagin berriak hartuko dituzte Udaleko teknikariek, legionella fokua desagertu den edo jarraitzen duen egiaztatzeko.

Albisteak (2)