Itxi

Bizkaia

Gaztelugatxen bisita gidatuak eskainiko dituzte uztailean eta abuztuan dohainik

eitb.eus

Leer en Castellano

Bisita gidatuek “Gaztelugatxek itsasoarekin, arrantzaleekin eta Bermeorekin duen lotura ezagutzeko aukera paregabea eskainiko dizkie inguruko zein kanpotik datozen bisitariei”.

Gaztelugatx. Artxiboko argazkia: Julio Mendiak

Bermeoko Udalak eta San Juaneko Batzordeak elkarlanean ekimen berri bat martxan jarri dute; izan ere, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, astelehenetan izan ezik, Gaztelugatxeko San Juaneko ermita irekita egongo da eta, bertan, informazio zerbitzua eta bisita gidatuak eskainiko dituzte euskaraz eta erdaraz, eta dohainik.

Ekimen horien berri eman dute gaur prentsaurrekoan Idurre Bideguren Bermeoko alkateak eta Irune Ormaetxea Turismo eta Hirigintza zinegotziak.

Bertan, azaldu dutenez, ermitaren ordutegia asteartetik larunbatera 11:00etatik 18:00etara izango da, eta igande eta jai egunetan 11:00etatik 15:00etara. Astelehenetan itxita egongo da.

Idurre Bideguren Bermeoko alkatea eta Irune Ormaetxea Turismo eta Hirigintza zinegotzia. Argazkia: Bermeoko Udala

Bisita gidatuei dagokienez, euskaraz asteartetik larunbatera 12:30ean eta 15:30ean izango dira eta igande eta jai egunetan 12:30ean. Gaztelaniaz, asteartetik larunbatera 13:30ean, 14:30ean eta 16:30ean izango dira eta igande eta jai egunetan 13:30ean eta 14:30ean.

Ormaetxeak azaldu duenez, bisita gidatuek “Gaztelugatxeko San Juan, bere historia eta istorioak, berarekin lotuta dauden tradizio, jaiak eta ohiturak, bere ingurumen balio izugarria eta itsasoarekin, arrantzaleekin eta Bermeorekin duen lotura ezagutzeko aukera paregabea eskainiko dizkie inguruko zein kanpotik datozen bisitariei”.

“Hortaz, pertsona guztiak gonbidatzen ditugu bisita horiek egitera eta bermeotarrontzako hain berezia den Gaztelugatxerekin gozatzera; izan ere, toki zoragarria da bai bere paisaiaz gozatzeko eta baita bere historiarekin ere”, azpimarratu du.

Albisteak (3)