Itxi

Sanferminak 2018

Lehertu da jaia Iruñean, txupinazo inklusiboenaren ostean

Eider Garaikoetxea | EITB.EUS

Motxila 21 taldeko Leire Zabalza eta Ibai Ganuza izan dira txupina botatzeko arduradunak, Udaletxe plaza lepo beteta zegoela.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iruñea festan murgildu da. Eguerdiarekin, eta ohiko oihu hunkituen ondotik ("Iruindarrak! Gora San Fermin!"), poza eta jai giroa dira nagusi Nafarroako hiriburuan. Motxila 21 musika taldeko Leire Zabalzak eta Ibai Ganuzak eman diete hasiera aurtengo sanferminei. Inklusioaren garrantzia azpimarratzeko txupinazoa izan da aurtengoa, Down sindromea duten 12 gaztek eta bederatzi boluntariok osatutako taldeko ordezkariek izan dutelako metxa pizteko ohorea.

Suziriaren hotsa entzun denean lehertu da jaia lepo betetako Udaletxe plazan: oihuak eta bi kolore errege, zuria eta gorria, San Fermin jaien koloreak eta Iruñerriko mugimendu feministak eskatutakoak, hain justu.

Jaiaz gain, aldarrikapenerako tartea ere izan da txupinazoan. Udaletxeko balkoiko protagonistek, Motxila 21ekoek, mundu osora zabaldu nahi izan duten mezua: inklusioaren, aniztasunaren eta desgaitasunaren aldekoa.

Ibai Ganuzaren eta Leire Zabalzaren hitzetan, balkoian bizitakoa "hunkigarria" eta "oso polita" izan da. "Hasieran urduri geunden, baina gero jada ez", esan du Ganuzak kazetariek galdetu diotenean. Ondoan izan du Zabalza, bereziki hunkituta.

"Esan behar nuena etxetik prestatuta ekarri dut, baina balkoira ateratzean eta plaza jendez gainezka ikustean, jende guztiarekin akordatu naiz eta primerakoa izan da", erantsi du.

Plazan ere aldarri ugari: ikurrina eta Nafarroako bandera erraldoiak eta hainbat pankarta. Besteak beste, 'La Manada' eta Altsasu auziko epaien kontrakoak ("Justizia hau kaka bat da" gazteleraz, eta "Altsasukoak aske" leloekin, hurrenen hurren), presoen eta Iruñerriko gaztetxearen aldekoak, edota German Rodriguezen hilketari buruzkoak (78ko sanferminetan izandako erailketaren 40. urtemuga da).

Plazan ikusgai izan diren pankartetako batzuk. ETB-1eko seinaletik hartutako irudia.

Aurten, 2017an ez bezala, ez da ikurrinik egon Iruñeko Udaletxean. Joseba Asiron alkatearen erabakiz, eta "mehatxu judiziala mahai gainean", haga bat hutsik utzi dute "zapaldutako identitateak" irudikatzeko.

Txistulari eta gaiteroen kalejira

Txupinazoaren ondotik, iruindarrek asko maite duten momenticoa heldu da: Txistulari eta Gaitero Taldearen kalejira Udaletxe plazatik abiatuta. Betiko moduan, "Agur Jaunak" jo dute aurrena, eta "Animo pues" herrikoia, ondoren (bideo honetan goza dezakezu unea).

Txupinazoa amaituta, bederatzi eguneko festa etengabea dute iruindar eta bisitariek aurretik, ia 500 ekitaldiko egitarau batekin; besteak beste, entzierroak, San Ferminen omenezko prozesioa, su artifizialak, erraldoien eta buruhandien konpartsako irteerak, kontzertuak eta beste hainbat jarduera.

 

Sanferminetan ere, 'ez ezetz da'

 

Bederatzi egunotan erakundeek eta herritarrek "ez ezetz da" eta eraso matxistarik gabeko jaiak aldarrikatuko dituzte. Iruñeko Udalak 'Iruña, sexu-erasoetatik libre' estrategia martxan jarri du. Informazio puntu bat izango du kanpainak Gazteluko plazan. Udalak esku gorria mantenduko du, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako ikur bezala.

Gainera, telefono mugikorrentzako doako aplikazio bat martxan jarri dute ('EraStop'). Eraso baten biktimak diren pertsona erabiltzaileek larrialdi botoi bat izango dute, Udaltzaingoari abisua emateko. Udaltzainak geolokalizazio bidez bertaratuko dira.

 

 

Albisteak (4)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)