Itxi

Oinezkoentzako ibilbideak

Artxandako errepidea Bilboren pasealeku eta begiratoki bihurtuko da

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Lanek 3 milioi euroko aurrekontua izango dute. Obra aurten hasi eta 2019an bukatuko da.

Bilbo, Artxandatik. Argazkia: Alberto Zorrilla

Artxanda mendiko errepidea Bilboren pasealeku eta begiratoki bihurtuko da, Bizkaiko hiriburua eta metropoli ingurua “modu seguru eta atseginean” ikusi ahal izateko, hiriko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak gaur iragarritako egitasmo baten arabera.

Foru errepideetako zenbait tarteren jabetza aldaketa adostu dute bi erakundeek, oinezkoentzako ibilbide seguru eta erabilgarriak atontzeko. Horrela, 8,5 kilometroko tartean lanak egingo dituzte; guztira, 6,5 milioi euroko inbertsioa eginez.

3 milioi euro Artxandako lanetan gastatuko dituzte. Mendia aisialdirako zona nagusietako bat izan da Bilbon, baina azken urteetan nabarmen behera egin du; horregatik Udalak ingurua biziberritu nahi du.

Lanak aurten hasi eta 2019an amaituko dira. Hiriaren gainean, Artxandako errepidea pasealeku eta begiratoki bihurtuko dute Udalak eta Aldundiak, “hiria, Asuako bailara, Txorierri, Abrako bokalea eta inguru guztia giro atsegin eta seguruan begiratu” ahal izateko, bi erakundeek nabarmendu dutenez.

Hiru biribilgune berri

5,6 kilometroko tartean lanak egingo dituzte. Proiektuak hiru biribilgune berri (Nogaro, Trueba eta Agirleta) eraikitzea aurreikusten du, ibilgailuen zirkulazioa hobetzeko.

Artxandaz gain, Santutxu eta Miribilla auzoak Mirafloresetik oinez lotzeko asmoa du Udalaren eta Aldundiaren hitzarmenak, Alde Zaharreko, Atxuriko, Boluetako, Santutxuko eta Miribillako bizilagunen mugikortasuna errazteko. Lanak 2018an eta 2019an egingo dituzte.

Bestalde, Zabalbiden oinezkoen igarobidea eta errepidea hobetuko dituzte Uribarri auzoko 106 zenbakitik 112ra. Tarte hori kale bihurtuko dute.

Hitzarmenaren arabera, Ibarrekolandako Carmelo Bernaola tunelaren jabetza hartuko du Bilboko Udalak.