Itxi

Uztailak 27

Aranzadik eta Donostiako Udalak teleskopioak ipiniko dituzte ilargi eklipsea ikusteko

eitb.eus

Leer en Castellano

Mende honetako eklipserik luzeena ikusgai izango da ostiralean, eta Urgull menditik, Aranzadiko astronomoen azalpenekin, xehetasunik ez galtzeko aukera izango dute donostiarrek.

Superilargia. Artxiboko irudia: EFE

Aranzadiko Astronomia sailak, Donostiako Udalarekin batera, uztailaren 27an izango den Ilargi Eklipsea -mende honetako luzeena- gertutik jarraitzeko aukera emango dute. Horretarako, teleskopioak jarriko dituzte Urgull mendian, eklipsea hobeto ikusi ahal izateko, eta, gainera, Aranzadiko astronomoak bertan egongo dira azalpenak ematen.

Udalak ohar baten bidez adierazi duenez, hitzordua uztailaren 27an izango da, 22:00etan, Zuloaga plazan. Hortik "Urgullera (ikurriña dagoen tokira) joango gara, argi-kutsadura ekiditeko asmoz", diote.

Ia Europa osoan, Ekialde ertainean, Afrikan, Hego Amerikan eta Asian Zentralean, mende honetako eklipserik luzeena ikusgai egongo da, 4 orduko iraupenarekin.

Eklipsearen sekuentzia, Donostiatik ikusita. Argazkia: Sustapen Ministerioa

"Odolezko ilargia" edo "suzko ilargia" izenaz ezagutzen da fenomenoa, ilargia gorri ageri baita. Lau ordu iraungo ditu ilargi eklipse horrek, baina erabateko fasean ordubete eta 43 minutuko iraupena izango du. Azkenekoa (urtarrilak 31) ordubete eta 16 minutu iraun zuen fase honetan.

Eklipsea babesik gabe ikus daiteke baina prismatiko edo teleskopioekin begiratzea gomendagarria da xehetasunak ikusteko.

Fenomeno hau Lurra, Ilargi betea eta Eguzkia lerrokatzen direnean gertatzen da, eta Ilargiak Lurrak proiektatzen duen itzalean zeharkatzen duenean.

Albisteak (1)