'Baietzik gabe, Ezetz da!'
Donostiako Aste Nagusiaren zapiak, sexu-erasoen aurka
Agentziak | Erredakzioa
Zurriolako zubiaren sei farolak zapiarekin jantziko dituzte jaietan, “indarkeria matxistaren kontrako mezuari ikuspen handiagoa emateko”.
15.000 zapi banatuko dituzte aurten Donostiako Aste Nagusian. Festak abuztuaren 11tik 18ra izango dira. Aldeetako batean, zapiak Donostiako Udalaren sexu-erasoen aurkako leloa eramango du idatzita: 'Baietzik gabe, Ezetz da!'.
Gainera, Zurriolako zubiaren sei farolak zapiarekin jantziko dituzte jaietan, “indarkeria matxistaren kontrako mezuari ikuspen handiagoa emateko”.
Ernesto Gasco alkateordea, Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu diputatua, Alfonso Gurpegui Festa zinegotzia eta Iñigo Garvi zapiaren diseinatzailearen hitzetan, milaka zapi doan banatzea “aukera ezin hobea da indarkeria matxistaren aurkako mezua zabaltzeko”.
Aste Nagusiko zapiak Zaharrean eta Centro Erdi dendari elkarteetako saltokietan, Donostia Turismo bulegoan eta, Gipuzkoako Aldundiaren Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu Departamentuari esker, hiriburuaren autobus geltokian banatuko dituzte.
Alde horretatik, Marisol Garmendia foru diputatuak adierazi duenez, “abuztuaren 11n eta 12an, jai zapia jaso dezakete bus geltokira Lurraldebus autobusetan heltzen direnek. Bi lagun arduratuko dira geltokian bertan banatzeaz, lurraldeko garraio publikoa darabilten gipuzkoarrak Aste Nagusiaz gozatzera animatzeko”.
Indarkeria matxistaren aurkako mezua indartzeko asmoz, sei zapi handi jarriko dituzte Zurriola zubiko faroletan. “Beharrezkoa da gertaera kaltegarri horien aurka Donostiak duen konpromisoa ikusgarri egitea, argiro adieraztea Donostiak ez duela jokabide sexistarik nahi, ez jaietan, ez eta urteko beste sasoietan ere”, nabarmendu du Ernesto Gascok.