Aste nagusia
'Kaia, jaia eta iraultza alaia', aurtengo Donostiako Piraten leloa
eitb.eus
Flamenka Gunean jarriko dituzte aurten txosnak eta kontzertuetarako lekua, eta Puntu Morea jarriko dute lehen aldiz, sexu-erasoen aurkako borrokan laguntzeko. Abordatzea abuztuaren 13an izango da.
'Kaia, jaia eta iraultza alaia' lelopean, jaiaren erdigunea den kaiko eremua aldarrikatu nahi du Donostiako Piraten kolektiboak, udan ere lonjaren berrikuntza lanek jaietako gunea birplanteatzera behartu baitituzte Piratak.
Mugimenduak ohar baten bidez zabaldu duenez, "kontzertuetarako agertokia berdin mantendu arren, aurreko urteetan Lasta gunea bezala ezagututako eremuan txosna jarriko da".
Bertan agertoki txiki bat ere jarriko dute: "kontzertu eta txosna gune hau izango da Flamenka Gunea. Hortaz, Lasta gunea desagertu egingo da. Aldaketa hauek segurtasun protokolo berria osatzera bideratu ditu Piratak".
Lonjaren eraberritze lanak direla eta, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Udalarekin batera adostutako proiektu batean oinarrituta, "1,5 milioi euroko kostua daukan egitasmoak lonja hiru eremutan banatzea du helburu: arrantza jarduera, kirol portua eta baxurako arrantzaren balorazio zentroa".
Abordatzea, abuztuaren 13an
Donostiako Piratek abuztuaren 13an, astelehenean, egingo dute abordatzea, eta, "berrikuntza gisa, abordatze eguneko bazkaria Flamenkan egingo da".
Txartelak Triku (Antiguo), Kata (Egia) eta Rekalde (Alde Zaharra) tabernetan egongo dira salgai, eta abordatze egunean kaian bertan eskuratzeko aukera ere egongo da.
Sexu-erasorik ez
Donostiako Piratek esan dutenez, jaigune aske bat eraiki nahi dute, eta ez dute sexu-erasorik onartuko.
Hala, lantaldeak "sexu-erasoen aurkako protokoloa gehiago landu eta egituratu egin du. Aurten ere salaketarako telefonoa aktibo egongo da Aste Nagusi osoan zehar: 664 164 408".
Horrez gain, Puntu Morea estreinatuko da Flamenka gunetik gertu, 23:30etik 04:00etara. "Eremu honek egon daitezkeen erasoei erantzun azkar bat ematea izango du helburu, biktimari dagokion babesa eskainiz", adierazi dute oharrean.