Itxi

Andre Maria Zuriaren festak

Beroa izango du protagonista Zeledonen jaitsierak, Gasteizko jaien hasieran

AGENTZIAK

Leer en Castellano

Udalaren adinekoentzako zentro soziokulturaletako lau adinekok, bi gizonek eta bi emakumek, botako dute txupinazoa. Guztira, 350 ekitaldi hartuko ditu Gasteizko jaietako egitarauak.

Zeledonen jaitsiera 2017

Abuztuaren 4an, San Migel elizako kanpandorretik Andre Maria Zuriaren plazara jaitsiko da Zeledon, Gasteizko jaiei hasiera emateko.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera, termometroak 34 gradura iritsiko dira larunbatean, eta eguzkia izango da protagonista nagusia. Andre Maria Zuriaren festak, beraz, giro epelean hasiko dituzte gasteiztarrek.

Aurten, Udalaren adinekoentzako zentro soziokulturaletako lau adinekok, bi gizonek eta bi emakumek, botako dute txupinazoa. Alderdi Sozialistari zegokion aukeratzea, eta Andrea Corres eta Daniel Uriondo (San Prudentzioko adinekoentzako zentrokoak) eta Aurelia Izquierdo eta Juan Luis Soriguren (Aranbizkarra zentrokoak) aukeratu dituzte. Bestalde, Unax Montejo (Zoroak taldekoa) eta Hiart Nevado (Luken taldekoa) izango dira Zeledon Txiki eta Edurne.

Aterki morea Zeledonentzat

Gorka Ortiz de Urbinak (Zeledon) aterki morea eramango du, emakumeen kontrako indarkeria salatzeko. Andre Maria Zuriaren plazara joatekoak diren herritarrei ere jantzi moreren bat eramateko deia egin die Udalak.

Edalontzi berrerabilgarriak

Udalak 17.000 edalontzi berrerabilgarri banatuko ditu jaietan, hondakin gutxiago sortzeko. Gainera, edalontziak moreak izango dira, indarkeria matxistaren aurkako kanpainarekin bat egiteko. Abuztuaren 4tik 9ra, debekatuta egongo dira beirazko edalontziak, baita potoak ere.

EiTBren jarraipena

Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiek tarte zabala izango dute EiTBn. Larunbat honetan hasi eta ostegunera arte, Arabako hiriburuan dagoen festa giroaren jarraipena egingo dute Euskal Telebistak, Radio Vitoriak, Radio Euskadik, Euskadi Irratiak eta eitb.eus-ek.

Saio eta emanaldi berezi guztiak eitb.eus-en ere izango dira ikusgai, zuzenean, eta Gasteizko jaien inguruko informazio eta datu guztiak bilduko ditu webguneak.

Jaietako egitaraua

Guztira, 350 ekitaldi hartuko ditu Gasteizko jaietako egitarauak, zenbait berritasun tarteko. Horrekin, festa "modernoagoak, eguneratuagoak, gardenagoak eta parte-hartzaileagoak" lortu nahi dituzte.

Horrela, estreinakoz, Andre Maria Zuriaren plazan egingo dute Edurneren eta Zeledon Txikiren jaitsiera. Edurne bera ere aurten aurkeztuko dute herritarren aurrean.

Kontzertuen tartean, Txarango, Rosario Flores, Marky Ramone, World Dance Music eta Vendetta arituko dira Foruen plazan. Aihotz plazan, berriz, Gozategi, Liher, Governors, Gontzal Mendibil, Gorka Knorr eta Urko igoko dira oholtzara.

Bestalde, haurrentzako zirkua, dantza ikuskizuna eta antzerkia egongo dira eguerdiro. Arratsaldeetan, disko-festa txikiak antolatuko dituzte.

Albisteak (5)

Informazio gehiago (1)