Donostiako Aste Nagusia
Donostiako Udalak eta Jaurlaritzak Aste Nagusiko segurtasun plana egin dute
Agentzia | Erredakzioa
Udalak azaldu duenez, delinkuentzia jaitsi egin da urteko lehen seihilekoan Gipuzkoako hiriburuan, iazko epe berarekin alderatuz gero.
Eneko Goia Donostiako alkateak eta Josu Zubiaga Herritarren Segurtasuneko sailburuordea bilera baten buru izan dira astelehen honetan, eta Donostiako Aste Nagusiko segurtasun planaren nondik norakoak zehaztu dituzte.
Larunbatean emango diete hasiera Donostiako Aste Nagusiari eta, une horretan, astebeteko jai egitarau zabala hasiko da, hain zuzen ere, jende askok parte hartuko duen egitarau zabala. Ekitaldi horiek guztiak modu seguruan egin ahal izateko, Babes Zibilak plangintza berezia jarri du martxan. Bertan, jaietan inplikatuta dauden eragile guztiek hartzen dute parte.
Hala, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Su-hiltzaileak, Osakidetza, Babes Zibila, dBus, Mugikortasun Saila, Itsas Kapitania eta Donostiako Festak-eko kideak elkarlanean aritzen dira. Koordinazio zentroa Garberako Su-hiltzaileen egoitzan dago.
Donostiako alkateak, Eneko Goiak, Herritar Segurtasuneko kontseilariordeak, Josu Zubiagak eta Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotzi ordezkariak, Martin Ibabek, Aste Nagusiko segurtasuna bermatzeko bilera bat egin dute. Bertan, festetako hainbat arlo landu dituzte eta aste horretarako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak batera egingo duten plangintza berezia gainbegiratu dute.
Udaletik adierazi dutenez, delinkuentzia datuak jaitsi egin dira urteko lehen seihilekoan Gipuzkoako hiriburuan, iazko epe berarekin alderatuz gero. Halaber, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren presentzia handiagoa izango dela Donostiako kaleetan Aste nagusian, gaineratu du.
Modu koordinatutan egingo dute lan
Martin Ibabe Hiri-Segurtasun eta Babes Zibileko zinegotziak azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da modu koordinatuan lan egitea, izan ere, horri esker uneoro alertan egoteko gaitasuna ematen die.
Aginte Postu Aurreratua gauero su artifizialen gunera joango da. Helburua plangintza berezian parte hartzen duten zerbitzu guztiak koordinatzea da, bereziki, asteko ekitaldi nagusia den horretan. Gogoratu beharra dago gauero 10.000 pertsona inguru joaten direla su-artifizialak ikustera.
Jende kopuru handia biltzen duten ekitaldiek segurtasun eta babeserako plangintza bereziak dituzte. Besteak beste, ekitaldi horiek ondorengoak dira: Su-artifizialak, zezen suzkoa, abordaia edo Sagueseko kontzertuak. Bertan, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasuna indartuko dute, eta elkarlanean arituko dira sortzen diren beharrei erantzuteko.
Martin Ibabek, halaber, hiritarrei kolaborazioa eskatu diete edozein gertakari salatzeko, eta dei egin die garraio publikoa erabiltzeko jai guneetara joateko zein etxera itzultzeko.