Itxi

Indarkeria matxista

Udalak eta Batzar Nagusiek Donostiako Aste Nagusiko sexu erasoak gaitzetsi dituzte

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Era berean, babesa eta elkartasuna adierazi diete "eraso tamalgarri" horiek jasan dituzten emakumeei, bai eta bere familiei eta hurbileko ingurukoei ere.

Aste Nagusiko sexu erasoak gaitzesteko elkarretaratzea. Argazkia: Donostiako Piratak

Asteburuan Donostian izan diren bi gertakarien berri izan ondoren, "emakumeen askatasunaren eta eskubideen urraketa larria" izan dela adierazi du Donostiako Udalak. Hala, "erabateko irmotasunez" gaitzesten ditu bi gertakariak. Era berean, babesa eta elkartasuna adierazi diete "eraso tamalgarri" horiek jasan dituzten emakumeei, bai eta bere familiei eta hurbileko ingurukoei ere.

Adierazi dutenez, "mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztiz gaitzesten ditu". Gaitzespena adierazteko, Udal Korporazioak elkarretaratzea egin du, astearte honetan, 12.00tan, Alderdi Ederren Udaletxearen aurrean eta gaitzespena adierazteko egiten diren deialdiekin bat egin du.

Beren aldetik, Gipuzkoako Batzar Nagusiek "argi eta garbi" gaitzetsi dituzte Donostian Aste Nagusian salatutako erasoak, eta elkartasuna eta babesa agertu dizkiete emakumeei eta haien senide eta gertukoei. Hala, Batzar Nagusiek emakumeen eta beren familia-ingurunearen aurkako "indarkeriaren agerpen guztiak" gaitzetsi dituzte. "Lehen mailako arazotzat jotzen dugun indarkeria matxista da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasun bidegabeen agerpenik larriena eta berauen arteko botere-harremanetan du jatorria, emakumeak mendean mantentzeko helburua duelarik".

Ildo beretik, Gipuzkoako Batzar Nagusiek herritarrei eskatu diete har ditzatela konpromiso pertsonal eta kolektiboak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde. "Izan ere, arazo kolektiboa da, guztiona, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea, emakume zein gizonei, herritarrei, elkarteei eta erakundeoi dagokigu erantzutea". Horrenbestez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek konpromisoa hartu dute erakunde gisa, berdintasunaren aldeko eta emakumeen kontrako edozein erasori aurre egiteko lanari eusteko eta gainerako erakundeei eskatzen diete lidergoa har dezaten indarkeria matxistarik gabeko Gipuzkoa eraikitzeko eginkizunean, lan horri eusteko konpromisoak hartuz, bakoitzak bere esparruan.

Diputazioak "onartezina" dela dio

Emakumeek oraindik ere, “jaiez askatasunean eta segurtasun guztiarekin” ezin gozatu izatea "onartezina" dela adierazi du Gipuzkoako Diputazioak. Imanol Lasa ordezkaria Donostiako Udalak antolatutako elkarretaratzean parte hartu du asteburuan izandako sexu erasoak salatzeko.

-------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.