Arkitektura jaialdia
Open House ekimenak ibilbideak eskainiko ditu Bilboko itsasadarrean zehar
eitb.eus
Kontsultatu hemen Open House 2018 ekimenak ekarriko dituen nobedeadeak.
Open House Bilbao 2018 ekimena irailaren 22an eta 23an egingo da. Bigarren edizio honetan, gainera, Barakaldok ere bat egingo du arkitektura jaialdiarekin.
Horrela, bi egunez, publikoarentzat itxita egon ohi diren Bilboko eta Barakaldoko 67 eraikin zabalduko dituzte, doan.
Bilboko hiriaren eraldaketa izan zen iazko jaialdiaren gaia. Aurten jarraitu nahi da eraikin horietako batzuk erakusten, baina Bilboko eta Barakaldoko etxebizitza sozialaren arkitekturan eta itsasadarrean jarriko da arreta, itsasadarra metropolia egituratzen duen elementutzat harturik.
Parte hartuko duten 67 eraikinek seinale bat izango dute kanpoan, eta boluntarioak han izango dira informazioa emateko, bisitarien ilarak kontrolatzeko eta eraikinak erakusteko.
Eraikin bakoitzean, 20-30 minutuko ibilbide gidatuak egingo dira, eta 25 laguneko taldeak osatuko dira bisitaldi bakoitzeko.
Irekitze-ordutegiak eraikin bakoitzak dituen aukeren arabera aldatuko dira.
Eraikin horiek guztiak bisitatu eta ezagutu ahal izango dira doan egun bitan:
JARDUERA OSAGARRIAK
Open Itsasadarra
Bilboko Itsas Museoaren eta Barakaldoko Galindoko ontziralekuaren arteko tartea egingo da ontziz itsasadarrean zehar. Ibilbide bakarra.
Open Txiki
Umeentzako arkitektura-tailerrak. Txikienek ikuspuntu berri batetik esperimentatu, hauteman eta deskribatu ahal izango dituzte arkitektura eta hiria, eta horrela piztuko zaie interesa inguruneaz.
Etxebizitza sozialari buruzko ibilbide tematikoak
Bilboko eta Barakaldoko etxebizitza sozialen arkitekturari buruzko hiru ibilbide tematiko izango dira, arkitekto eta profesional adituek zuzenduak.
Open Galindo
Galindoko araztegia bisitatuko da; araztegi horretan, egunean 350.000 litro ur arazten dira. Galindoko araztegia Euskadiko azpiegitura handienetako bat da.
Opengram
Instagram plataformaren bidez, argazki-lehiaketa bat egingo da. Open House Bilbaoren espiritua ondoren irudikatzen duen argazkia sarituko da.
Open House pasaportea
Open House pasaportea banatuko da, Open eraikinetako bisitak sustatzeko. Puntuak pilatuko dira bisita bakoitzeko, eta puntuok Bilboko Zazpikaleetako dendetan erabili ahal izango diren deskontuekin trukatu ahal izango dira. Pasaporteak Open Houseko informazioguneetan eskuratu ahal izango dira.
INFORMAZIOGUNEAK
Ekimenak 8 informaziogune izango ditu hirian, eta haietan behar den informazio guztia eskainiko dute jaialdiari buruz eta planoak banatuko dira. OHBilbao pasaporteak eta Open House Bilbao 2018 gidaliburuak ere eskuratu ahal izango dira puntu horietan.
Planoa eta pasaportea erabat doakoak izango dira; gidaliburuak, berriz, 1 euro balioko du.