DONOSTIA
Faroa berritzeko lanak maiatzean hasiko dira, Iglesiasen eskulturari tokia egiteko
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Donostiako Udalaren aurreikuspenen arabera, proiektuaren zatirik handiena 2019ko udarako amaituta egongo da. Santa Clarako itsasargirako bisitak, ostera, 2020ko udaberrian hasiko dira.
Donostian, Santa Clara uharteko itsasargia dagoen eraikina berritzeko eta egokitzeko lanak datorren urteko maiatzean hasiko dira, Cristina Iglesiasek egindako eskulturari tokia egiteko. Udalak egindako aurreikuspenen arabera, proiektuaren zatirik handiena uda aurretik amaituta egongo da. Dena den, 2020ko udaberrira arte itxaron beharko da bisitak egiteko.
Udal gobernuak Santa Klarako itsasargiaren lagapena eskatuko dio Pasaiako Portu Agintaritzari, 50 urterako. Erantzun ofiziala sei hilabete barrurako espero bada ere, Udalak erakundearen "aldeko" iritzia jaso duela baieztatu du Eneko Goia alkateak.
Jabier Lekuona arkitektoak itsasargirako egindako proiektuak eraikina hustea aurreikusten du, eta obra hori egiteko Udalak 273.000 euroko aurrekontua izango du. Behin eraikina hustuta, lau metroko sakonera duen ontzi bat egingo da, eta bertan, Cristina Iglesiasek bere obra jarriko du. Gainera, itsasargiaren teilatua beirako estalki batengatik aldatuko da eta, bertatik, eskulturari argia sartuko zaio. Halaber, eraikinaren barruan espiral forma duen pasarela metaliko bat egongo da, eta era berean, balkoi bat jarriko da bisitariek obra ikusi ahal izateko.
Lanek iraun bitartean itsasargiak funtzionatzen jarraituko du. Obra amaitzen denean, itsasargiak eta eskulturak sarrera ezberdinak izango dituzte. Hortaz, egungo sarrera nagusitik eskulturara sartu ahal izango da.