20:00etatik 20:30era
San Mames berdez argiztatuko da gaur, artritisaren eguna dela eta
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
20:00etatik 20:30era argiztatuko dute futbol-zelaia, gaixotasun hori pairatzen dutenek arreta espezializatua behar dutela gogora ekartzeko.
San Mames futbol-zelaia berdez argiztatuko dute gaur, 20:00etatik 20:30era, artritisaren eguna dela eta. Estatuan milioi bat lagunek gaixotasun kroniko hori jasaten dutela gogoratu eta herritar guztiak horrek dakartzan ondorioez jabetu nahi dituzte horrela.
Hain zuzen ere, artritis erreumatoidea duten pertsonen Bizkaiko elkarteak (Levar) eta Artritisaren Koordinakundeak (ConArtritis) gaixotasuna dutenek arreta espezializatua behar dutela nabarmendu nahi dute ekimen horren bidez. Gainera, tratamenduaren aurrean jarrera positiboa izatera gonbidatu nahi dituzte gaixo guztiak, bi elkarte horiek agiri baten bitartez joan den astean adierazi zutenez.
Ildo horretan, Julia Alicia Iglesias Levar elkarteko presidentearen hitzetan, "gaitz horiek bizi guztirako badira ere", kaltetutako pertsonak ezin dira ezkutatu, badirelako, zailtasunak tarteko, aurrera egiten laguntzen duten hainbat faktore: besteak beste, egunerokotasunean gaitzari aurre egiteko jarrera egokia hartzea, zainketarako eta tratamendua behar bezala eramateko inplikazioa erakustea, osasun arloko profesionalekin harremana edukitzea eta gertukoen laguntza jasotzea.
Artritisa duten pertsonak "ikusgai" izango dira gaur Bilboko kaleetan eta Barakaldon, eta Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetan "herritarrek nahi adina informazio izango dute eskura, gaitz horren inguruan jakitun egon daitezen".
Bestalde, urriaren 18an, Artritisaren XIV. jardunaldia egingo dute Boluntako ekitaldi-aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Gaixo, ikertzaile eta osasun arloko profesional batzuek artritisaren tratamenduaren etorkizuna aztertuko dute bertan.