Harrapaketa Iruñean
Iruñeko eskola inguruak bizitegi-gune izendatzea eskatuko diote Udalari
Agentzia | Erredakzioa
8-80 plataformak premiazko eskaera aurkeztuko du osoko bilkuran, trafiko istripuek eragindako heriotza kopurua gutxitzeko hainbat neurrirekin.
Iruñeko 8-80 plataformak iragarri duenez, premiazko eskaera aurkeztuko dute gaur arratsaldean, trafiko istripuek eragindako heriotza kopurua gutxitzeko hainbat neurri proposatuta. Besteak beste, eta astelehenean auto batek harrapatuta hil zen umearen auziaren harira, eskola inguruak bizitegi-gune izendatzea eskatuko dute.
Lehenik, plataformak doluminak eman dizkio mutikoaren familiari, lagunei eta eskolari. Aitarekin Atarrabia etorbideko zebra-bidea gurutzatzen ari zela, auto batek harrapatuta hil zen lau urteko mutikoa.
Plataformak azaldu duenez, premiazko eskaeran eskola inguruak "neurri urbanistikoekin babesteko" exijituko diote Udalari, "ez bakarrik semaforo eta udaltzainekin".
"Eskola inguru guztiak bizitegi-gune izendatzea" eta Udaltzaingoak "eskoletako irteera eta sarrera orduetan bigarren ilaran aparkatzeko debekua bereziki zaintzea" ere eskatuko dute.
Iruñeko 8-80 plataformaren esanetan, "neurriok ezinbestekoak dira ezbeharrak eta heriotzak saihesteko".