Alderdi Eder
50 metroko noria bat jarriko dute Donostian, Gabonetan
eitb.eus
Noriarekin batera, azken urteotan jarri duten argi bola erraldoia eta Gabonetako azoka ere izango dira.
Donostiak hainbat elementu erakargarri izango ditu Gabonetan, esaterako, Alderdi Ederren jarriko duten noria erraldoi bat, Ernesto Gasco alkateordeak esan duenez.
Noria 50 metro garai izango da, eta "Kontxako badiaren, udaletxearen eta are Artzain Onaren katedraleko dorrearen beste ikuspegi bat eskainiko du".
"Seguru nago elementu garrantzitsua izango dela hiriarentzat jaietan; izan ere, Eguberrietako azoka Frantzia pasealekuan egongo da, eta agian lehen edizioan jarri zenaren antzeko noria bat ere izango da", esan du Gascok.
Noriak lagun egingo dio duela urte batzuetatik hona Cervantes plazan, On Kixoteren eskulturaren gainean, jartzen den argi bola erraldoiari.
Gainera, Gabonetako azoka izango da nagusi Frantzia pasealekuan. "Iaz 300.000 pertsonatik gora inguratu ziren azokako etxola eta beste elementu erakargarrietara, eta aurten erantzuna are hobea izango da", nabarmendu du Ernesto Gascok.
Sustapeneko arduradunen helburua da Eguberrietako eremu bihurtzea hiriko erdialdea, Frantzia pasealekutik Alderdi Ederreraino, tokiko merkataritzari garrantzia emanez salmentarako hain garrantzitsuak diren garaiotan. Horrez gainera, Eguberriak Donostiarentzat erakargarri turistiko bat izatea ere nahi dute.
Noria, Royal Bavaria Wheel, 50 metro garai da, 36 gondola ditu, eta bidaia bakoitzean 216 pertsona sar daitezke.