Bilbo
Euskalduna zubia bi orduz itxi dute, haizea dela eta xafla batzuk bidera erori ostean
Agentziak | Erredakzioa
Haize-bolada bortitzen ondorioz, 18:20ean metalezko xafla batzuk errepidera erori dira, eta bidea itxi behar izan dute oinezkoentzat zein ibilgailuentzat. Suhiltzaileak lanean izan dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bilboko Euskalduna zubia, Bizkaiko hiriburura sartzeko bide nagusietako bat, oinezkoentzat zein ibilgailuentzat bi orduz itxi behar izan dute astearte arratsalde honetan, haizearen eraginez metalezko xafla batzuk errepidera erori ostean, Bilboko Udaltzaingoak jakitera eman duenez.
Udaletik azaldu dutenez, ez da inor zauritu eta ez dio zubiaren egiturari eragin. Alabaina, haize-bolada bortitzen ondorioz, 18:20ean metalezko xafla batzuk errepidera erori dira, eta bidea itxi behar izan dute. Euskalduna zubiko oinezkoen pasabidea konpontzeko pilatuta zituzten zenbait xafla izan dira haizeak eraman dituenak. Ekainaren 28an, biserak lotzen dituen elementua apurtu zen.
Bilboko Udaltzaingoak esan duenez, xafla horiek errepidera eta zubiaren inguruetara jausi dira. Arrazoi horregatik, oinezkoentzat zein ibilgailuentzat bidea itxi behar izan dute. Suhiltzaileak lanean izan dira.
Euskalduna zubia 1997an eraiki zuten. Ekainaren 28an ordu batzuk itxi behar izan zuten, biserak lotzen dituen elementua apurtu ostean.
Urrian hasi zituzten konponketa lanak, eta hiruzpalau hilabetez luzatuko dira. Bizkaiko Foru Aldundiak 450.000 euro bideratu ditu lan horietara.
¿¿ Adi! Zirkulazioa moztu egin da #Euskalduna Zubian. Arratsalde honetan zehar izan ditugun haize boladekin eta konpontze-lanak direla eta, zenbait metalezko xaflak erori dira errepidera. Dagoeneko suhiltzaileak lanean ari dira. pic.twitter.com/IMSO2Q8oz7
— Bilbao Udala - Ayto (@bilbao_udala) 6 de noviembre de 2018