Itxaropen kalean
Bilboko Esperantza pilotaleku berria 2020an irekiko dute
Agentziak | Erredakzioa
Harmailek zazpi eserleku-lerro izango dituzte, eta 300 pertsona inguru eserita egoteko aukera emango dute. Guztira, 4,5 milioi euro bideratuko dituzte lanak burutzera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bilboko Esperantza pilotalekuaren lanak 2020. urtean amaituko dituzte eta, 3. lineako Zazpikaleak geltokiaren estalkiaren gainean eraikiko duten frontoi berriarekin batera, beste eraikin bat egingo dute. Hala jakinarazi du asteazken arratsalde honetan Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuarekin batera egindako agerraldian.
Bi erakunde horien arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, zeinen bitartez, pilotaleku berriaren lanak burutzera 4.531.450 euro (BEZ barne) bideratuko dituzte. Tapiak azaldu duenez, Euskal Trenbide Sareak (ETS) egingo duen ekarpenaren parte bat, Bizkaiko Foru Aldundiarekin metroaren 3. Linea eraikitzeko sinatu zen hitzarmenetik dator.
Zazpikaleak geltokia berritzeak zuen zailtasun handia zela eta, beharrezkoa izan zen Esperantza pilotaleku zaharra eraistea, Mallonako hegalean hondeaketa lanak egiteko makinak sartu ahal izateko. Dena dela, aurrealdeko eta atzealdeko hormak mantentzea erabaki zuten, ondoko eraikinen egonkortasuna bermatzeko.
Itxaropen kalea 4ko orubea okupatzeko diseinatutako proiektuak bi eraikin aurreikusten ditu: pilotalekua eta hainbat egoitza.
Tapiak “trenbidearen eraldaketarako gaitasuna” azpimarratu du, “3. Lineatik haraindi doan hiri mailako eraldaketarako aukera ematen baitu”. Sailburuaren esanetan, “Udaleko eta Jaurlaritzako talde teknikoen artean bilera batzuk egin ondoren, pilotalekua geltoki berriaren estalkiaren gainean berregitea erabaki zen”. Kokaleku zehatza, Itxaropen kalearen ondoan, Frontoi berriak erabilpen arautua bermatzeko beharrezkoak dituen neurriak, instalazioak eta ikusle kopuruak kontuan izateak baldintzatu du.
Beste alde batetik, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak Eusko Jaurlaritzako Sailak eta ETSk egin duten lana eskertu du. Ildo horretatik, “bilbotarrentzat” aukera ona dela nabarmendu du. “Bilbao Kirolak elkarteak kudeatuko duen kirol ekipamendua, pilotalekua izango dugu berriro, eta auzoak gazteei eta familiei zuzendutako udal ekipamendu publikoa irabaziko du”, gaineratu du. Aburto pozik agertu da, “auzorako ekipamendua izango delako, behin baino gehiagotan eskatutakoa eta ondo hartutakoa”.
Pilotalekua
Bilboko Udalak azaldu duenez, Esperantza pilotaleku berriak barruti itxia izango du; 30 bat metro luze eta 20 bat metro zabal, Itxaropen kaleko 2. zenbakiko eraikinaren mehelinera erantsita. Aukeratutako kokaguneak, aipatutako eraikinean bizi direnek eraikinaren atzealdeko fatxadatik duten ikuspegia ez galtzea bermatzen du.
Horrela, pilotalekua hiru hormen inguruan egituratuko da. Diseinu osagai horretan garrantzi handia du pilotalekuaren beraren orientazioak. Alde batetik, eguzkiaren argia zuzenean sartzea saihestu behar da, baina, beste alde batetik, argiztapen naturala ziurtatzeko aukera ere eman behar da.
Jolasteko hormak hormigoi armatuzkoak dira, eta itxiduraren gainerako lekuetan horma-gortina aukeratu da, multzoari arintasuna emateko. Horrez gain, altxatutako harmailak daude, eta horien behealdean komunak eta aldagelak (3) instalatuko dira.
Harmailek zazpi eserleku-lerro izango dituzte, eta horrek, kantxaren kotan, harmailen estrukturaren azpian, instalazio gunea jasotzeko behar adinako altuera ematen die. Zazpi lerro horiek 300 pertsona inguru eserita egoteko aukera emango dute.
Pilotalekua Bilbao Kirolak elkarteak kudeatuko du, hiriko gainerako udal kirol egoitzekin gertatzen den bezala.