GASTEIZ
Gasteizek zergak ordaintzeko tarifa lau berria jarri du martxan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Izena ematen dutenek 9 udal zerga eta tasa epeka ordaindu ahal izango dituzte, martxotik abendura, hilero kuota berdina ordainduta.
Gasteizko Udalak zerga tarifa lau berria abian jarri du. Gauzak horrela, 2019tik aurrera udal zerga eta tasak bateratu eta hamar hilabetetan (martxotik abendura), kuota berdinetan, ordaintzeko aukera emango du. Aukera hori baliatzeko izena ematea beharrezkoa izango da azaroaren 21etik martxoaren 1era bitartean.
Itziar Gonzalo Ogasun zinegotziak zerga tarifa lau berriari buruzko xehetasunak eman ditu gaur eguerdian prentsaurrean. Datorren urteari begira, zerga eta tasa hauek sartuko dira: Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga, ondasun higiezinen gaineko zerga (OHZ), ekonomia jardueren gaineko zerga, zabor-tasa, urteko eta seihileko emakidak, ibilgailuen pasabideen tasa, mahaitxoen tasa, bide publikoko lurzorua eta lurpea okupatzeagatiko tasa eta hilerrien tasa.
"Zergak ordaintzeko modu erosoago bat izango da eta hiritarrei eskainitako zerbitzua hobetuko da", azaldu du zinegotziak. Dena den, zergak epeka ordaindu ahal izateko aurrez izena ematea ezinbestekoa dela nabarmendu du.
Eskatzaileek kopuru bereko 10 kuota ordainduko dituzte (azaroan eta abenduan salbu, hilabete horietan doikuntzak egin daitezke zergaren baten zenbatekoa aldatu bada). Ordainketak hilabete bakoitzeko 20an egingo dira, kopuru osoa ordaindu arte.
Eskaerak San Antonio kaleko herritarren laguntzarako bulegoan eta San Martineko udal bulegoetan egin ahal izango dira. Halaber, Udalaren webgunearen bitartez egitea ere posible izango da, ziurtagiri digitala baliatuz.
Zerga-tarifa lauaz baliatu ahal izateko bi betekizun eskatuko dira: batetik, banku-helbideratze bakarra izatea, hau da, zerga-tarifa lauaren ordainagiriaren titularrak izan behar du banku-kontuaren titularra; bestetik, erreferentziazko posta-helbide bakarra ematea.