Berdintasuna
Gasteizek LGTBIfobiaren kontrako behatokia izango du 2019an
EITB.EUS
Besteak beste, lesbianen kontrako berariazko indarkeriarekin lotutako arreta hobetzeko programak garatu eta LGTBI pertsonentzat arriskutsuak izan daitezkeen guneak mapa batean jasoko dituzte.
Gasteizek LGTBIfobiaren kontrako behatokia izango du izango du 2019an, Gorka Urtaran Arabako hiriburuko alkateak gaur prentsaurrekoan iragarri duenez.
Hiriko LGBTI kolektiboen eskariz sortu dute behatokia, eta eurekin batera lan egingo du Udalak. Tresna berri horren bitartez, zehaztuko dituzte LGTBI pertsonei zuzendutako informazioa, kontzientziazioa, prebentzioa, detekzioa, bideratzea eta arreta hobetzeko jarraibideak.
Horrez gain, lesbianen kontrako berariazko indarkeriarekin lotutako arreta, akonpainamendu eta sostengu psikologiko eta juridikoa emateko programak hobetzeko neurriak proposatu eta diseinatuko dituzte.
Behatokia martxan jartzeaz batera, ikuspegi intersekzionala duen mapa bat landuko da, LGTBI pertsonentzat arriskutsuak izan daitezkeen gune eta ibilbideak identifikatzeko.
Hiriko hainbat lekutan cruising egiten duten pertsonei babesa eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea ere aurreikusi da.
Udalak berdintasunerako agendaren baitan aurreikusi du behatoki horren sorrera. Agenda horretan hainbat estrategia eta jarduera zehaztu dituzte, 2018-2019 aldian berdintasunerako politiken barruan sexu- eta genero-aniztasuna txertatzeko, eta 2020-2021 urteetan lehentasunezko jarduera-ildoak identifikatzeko zenbait orientabide emateko.