San Blas 2019
Abadiñoko San Blas azokak 250 abelburu eta 120 salmahai izango ditu
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Otsailaren 3an egingo dute azoka, Trinketen eta Txanportan.
Abadiñoko San Blas azokak 120 nekazaritza eta abeltzaintza salmahai eta 250 abelburu eskainiko ditu otsailaren 3an, igandea.
Trinketen eta Txanportan egingo duten azokan mota askotariko produktuak eta animaliak erosi ahalko dira, hala nola zaldiak eta behiak.
Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak azaldu duenez, aurten bisitari kopuru handia espero dute azoka igandean izango delako, eta, hala, lehenengo sektoreak herriarentzat duen garrantzia erakutsiko dute beste behin.
Iñaki Rekalde Landa Garapen, Turismo eta Merkataritza zinegotziak produktuen “kalitate ona” nabarmendu du.
Ehunka salmahai
Trinketen espezie ezberdinetako 150 animali inguru izango dira ikusgai: betizuak, blonde de Aquitaniak, piriniotarrak eta motxina behiak, besteak beste.
Bestalde, azokan 120 salmahai egongo dira, eta 94 postutan baserriko produktuak salduko dituzte. Esaterako, barazkiak, gazta, eztia eta ogia.
Arbaso artisau elkarteak, bere aldetik, 26 salmahai jarriko ditu Txanportan, artisautza produktuekin.
Bestalde, otsailaren 3tik 11ra egingo dituzten idi probetan 22 bikotek hartuko dute parte.
Beldur Barik Gunea
Abadiñoko Udalak ‘Beldur Barik Gunea’ antolatuko du, emakumeek festak eta herriko kaleak askatasunez gozatzeko sentsibilizazio eta informazio gunea.