SUTEA
Ikasle bat zauritu da Bermeoko Lanbide Heziketako ikastetxean izandako sute batean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gazteak erredurak egin ditu aurpegian eta eskuetan. Gernika-Lumo Ospitalera eraman dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ikasle bat zauritu da eta lau ibilgailu kiskali dira gaur Bermeoko Lanbide Heziketako ikastetxean izandako sute batean, Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dioenez.
Sua 12:40 inguruan piztu da, zentro horretako garajean, ikasleek praktikak egiten dituzten tailerraren ondoan. Ordu batzuk geroago, arratsaldean lortu dute garrak menperatzea.
Ezbeharrean, 17 urteko ikasle bat zauritu da. Lehen datuen arabera, ikasleak pote bat zerabilen eskuan, baina oraindik ez dute argitu horrek piztu ote dituen garrak. Gazteak erredurak egin ditu aurpegian eta eskuetan, eta Gernika-Lumo Ospitalera eraman dute artatzera.
Sua piztu ostean eraikina hustu egin dute eta klaseak bertan behera utzi dituzte. Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak azaldu duenez, astearte honetan irekiko dituzte berriro ikastetxeko ateak.
Tailerrean kalte handiak izan dira. Udal teknikariek eta zentroko zuzendaritzak eraikinaren eta ikastaroetan erabiltzen den materialaren egoera aztertuko dutela zehaztu du.
Sua itzaltzeko lanetan aritu diren Herri Babeseko langileen lana eskertu du, "emandako erantzun azkarragatik garrak gehiago ez zabaltzea lortu dutelako".
Horrez gain, Ibarrolazak azpimarratu du gertakari honek agerian utzi duela Bermeok "suhiltzaile talde finko bat" behar duela herrian.