Itxi

Txakurren pozoitzea

Haragi pozoitua agertu da Gasteizko parkeetan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Lakuan eta Salburuan agertu dira haragi zati pozoituak. Irabazi udal taldeak gertatutakoa "kontuan hartzeko" eskatu dio Udalari.

Salburuako parkea Gasteizen. Argazkia: Jose Antonio Fernandez de Luco

Gasteizko Irabazi udal taldeak astearte honetan salatu duenez, haragi zati pozoituak aurkitu dituzte Lakua eta Salburua auzoetan. Horrenbestez, gertatutakoa "kontuan hartzeko" eskatu diote Udalari, animalien eta pertsonen segurtasunerako oso arriskutsuak izan daitezkeelako.

Oscar Fernandez Irabazi taldeko zinegotziak agiri batean azaldu duenez, Lakua Arriaga osasun zentroaren inguruetan eta Salburuko zelaietan aurkitu dituzte haragi zati horiek. Gainera, horrelakoak aurretik ere aurkitu dituztela gaineratu du.

Hori dela eta, udaltzainen presentzia handiagoa eta kasu hauetarako ezarritako protokolo berezia abiatzeko eskatu dio Udalari, eta Gorka Urtaranen gobernuak orain arte neurri puntualak baino ez dituela hartu deitoratu du.

"Oso gertaera larria da eta udal gobernuak ezin du beste alde batera begiratu, parkeetara doazen animalien, pertsonen eta umeen segurtasuna arriskuan baitago", esan du.