Autobusen 9. linea
Hasi da zerbitzua ematen erabat elektrikoa den Iruñerriko autobusen lehenengo linea
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Autobusek ez dute erregai gisa gasolioa erabiliko. Horrek esan nahi du ez dutela karbono dioxidorik isuriko. Gainera, ibilgailu berriak isilagoak izango dira.
Gaurtik aurrera, Iruñerriko 9. autobus linea erabat elektrikoa izango da; Renfe eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa lotzen dituena, hain zuzen. Guztira, sei ibilgailu izango ditu. Beraz, Estatuan autobus gehien dituen linea izango da.
Autobus horiek ez dute erregai gisa gasolioa erabiliko, eta, ondorioz, ez dute karbono dioxidorik isuriko, Iruñerriko Mankomunitateak jakinarazi duenez. Gainera, ingurumenarekin lotuta dituen abantailak nabarmendu ditu; izan ere, ez dute osasunerako kaltegarria den gasik isuriko, eta askoz isilagoak izango dira.
Egoitza Castejonen duen Vectia enpresarenak dira autobus berriak, baina Renferen geltokian eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere jarri dituzte ibilgailuak kargatzeko zutoinak.
Pantografoak erabilita kargatuko dituzte, eta, horrenbestez, bateria txikiak beharko dituzte, joan-etorrirako soilik kargatuko baitituzte.
Bestalde, bidaiariek doako WiFi konexioa izango dute autobus berrietan. Otsailean hasi ziren 18. lineako autobusak ere Internet zerbitzua eskaintzen.