Iruñean
Matrikula aldatuta eta baimen gabe aparkatzeagatik, isuna jaso dute bi lagunek
EITB.EUS
Matrikula zinta isolatzaile beltzarekin manipulatuta zuen ibilgailuak. Gainera, droga eta jatorri dudagarriko bitxiak atzeman zizkieten biei.
Iruñeko Udaltzaingoak auto bat garabiaz kendu zuen larunbatean Nafarroako hiriburuko kale batetik, hainbat arau-hauste tarteko. Besteak beste, mugikortasun urriko pertsonentzako aparkaleku batean baimen eta txartelik gabe aparkatzeagatik salatu zuten.
Udaltzaingoak ohar batean azaldu duenez, larunbateko 19:15ean, Paulino Caballero kaleko 26. zenbakiaren parean aparkatuta zegoen auto bat ikusi zuen patruila batek. Mugikortasun urriko lagunentzat gordetako aparkaleku bat dago bertan, baina aparkatuta zegoen autoak ez zuen txartela agerian. Agenteek auto barruan zegoen emakumeari (gidariaren lekuan) eskatu zioten dokumentazioa, baina horrek esan zien ez zuela eskura, eta harekin batera zihoan lagunari eskatuko ziola adierazi zien. Bigarren pertsona hori denda baten barruan zegoen. Horrek ere ez zuen ibilgailuaren dokumentaziorik ezta aparkaleku horretan autoa ixteko txartelik ere.
Gainera, bi lagunek ez zuten gidatzeko baimenik. Udaltzainei azaldu zietenez, joanda zegoen hirugarren pertsona batek gidatu zuen autoa. Hori horrela, autoa bertatik kentzeko garabiari deitu zioten agenteek, eta salaketa jarri zuten.
Baimenik gabe aparkatutako autoa. Argazkia: Iruñeko Udaltzaingoa
Salaketa jartzeko unean autoaren matrikula zinta isolatzaile beltzarekin aldatuta zegoela konturatu ziren agenteak: 6 zenbakiari zinta jarri zioten 8 bat egiteko.
Azkenik, bi lagunei drogak eta jatorri dudagarriko bitxiak atzeman zizkieten.