Ekimen solidarioa
Korrontearen kontra igeri egingo dute Estropatadako ahateek Bilbon, ekainaren 16an
agentziak| erredakzioa
Zazpigarren edizio honetan, ibilbidea alderantziz egingo da, Euskalduna zubitik Deusturaino.
Plastikozko milaka ahatek Bilboko itsasadarra beteko dute datorren ekainaren 16an, Estropatadaren zazpigarren edizioan. WOP-Walk on Proyectek antolatutako lasterketa da, eta gaixotasun neurologikoak ikertzera bideratuko du lortutako dirua.
Aurtengo Estropatada nobedade batekin dator, hain zuzen, ahateek korrontearen kontra egin beharko dute igeri Euskalduna zubiaren eta Deustuko zubiaren artean.
Mikel Renteria WOP fundazioaren sortzaileak azaldu duenez, parte hartzeko txartelak erosi behar dira, eta, lasterketa bukatu eta gero, ahate baten ordez aldatu daitezke. Oparien artean hauek egongo dira, besteak beste: Toyota Corolla auto bat urtebetez erabiltzea eta El Corte Inglesen erosteko 500 euroko bi opari-txartel. Are gehiago, antolatzaileak nabarmendu du ticket bakoitza lortzean ikerketan bederatzi minutu finantzatzen direla.
Horretan lagundu nahi izanez gero, WOPato ticket bat eros daiteke, leku hauetakoren batean: El Corte Inglesen, Eroski dendetan, WOPek Kale Nagusian Aldundiaren alboan duen postuan (ostiral eta larunbatetan) eta ekimenaren wopato.com webgunean.
Aurreko Estropatadetan bezala, ahate guztiak geolokalizatuta egongo dira, eta bakoitzaren kokapena zuzenean ikusi ahalko da, wopato.com-en bidez.