Pint of Science 2019
Iruñeko tabernetara hurbilduko dute zientzia maiatzaren 20tik 22ra
agentziak | erredakzioa
Chester Gastrobar, Bahia eta Zentral lokalek hartuko dute parte zientzia jaialdian, Nafarroako hiriburuan.
Pint of Science zientzia hedatzeko jaialdia egingo dute Iruñean maiatzaren 20an, 21ean eta 22an. Topaketak ikertzaileak eta herritarrak batuko ditu tabernetan, zientziaz mintzatzeko. Emanaldiak 20:00etatik aurrera izango dira, eta sarrera doakoa izango da.
Bosgarren urtez egingo dute Pint of Science jaialdia Iruñean, eta Chester Gastrobar, Bahia eta Zentral tabernek hartuko dute aurten. Orotara, bost kontinenteetako 24 herrialdetako 400 hiritan egingo dute nazioarteko ekitaldi hau.
Topaketek hainbat zientzia gai jorratuko dituzte, hain zuzen espazioa, osasuna eta genetika, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Nafarroako Unibertsitateko, Ikerketa Mediko Aplikatuaren Zentroko eta Iruñeko Planetarioko zientzialarien eskutik.
Chester Gastrobar lokalean hasiko da Pint of Science jaialdia, osasun gaiak hizpide. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek bi hitzaldi emango dituzte. Batetik, Mikel Izquierdo Redin katedraduna gazte hiltzearen eta heriotza atzerako moduaren inguruan arituko da. Bestetik, Idoia Labayen irakasleak bizimodua, obesitatea eta diabetesa izango ditu hizpide.
Bestalde, maiatzaren 21ean, Bahia tabernan, espazioa eta osasun gaiak jorratuko dituzte. Javier Armentia eta Miren Karmele Gómez Garmendia Iruñeko Planetarioko langileak galaxien koloreen eta zulo beltzen inguruan mintzatuko dira. Osasunari dagokionez, Arantxa Gonzalez Miqueo ikertzaileak bihotzari buruz hitz egingo du, “Bihotz gogor bat izatearen ondorioak” hitzaldian.
Azkenik, Javier Novo Villaverde Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileak “Gene jauzilarietatik burmuinera” hitzaldia emango du Zentral tabernan, genetika lantzeko.