BARAKALDO
Castaños ibaia auzolanean garbituko dute ekainaren 22an Barakaldon
EITB.EUS
Barakaldo Naturala plataformak, Eguzki eta Ekologista Martxan taldeek antolatutako jardunaldia 09:30ean hasiko da Gorostiza kiroldegiaren aurrean.
Barakaldo Naturala plataformak eta haren baitan dauden Eguzki eta Ekologista Martxan talde ekologistek Castaños ibaia auzolanean garbitzeko deia egin dute ekainaren 22rako.
Jardunaldia 09:30ean hasiko da Gorostitzako kiroldegiaren aurrean. Bertan, URA erakundeko teknikari batek ibaiak garbirik mantentzeko garrantziaren inguruko hitzaldi bat eskainiko du. Gero, lan-taldeak antolatuko dira eta ibai ondoan dauden hiri-hondakinak biltzeari ekingo diote. Bildu ondoren, sailkatu, argazkiak atera, eta dagozkion garbigunera eramango dituzte.
Aurreikuspenak betetzen badira, 14:30ean bukatutzat emango dute garbiketa.
Antolakuntzako iturriek zabaldutako informazioaren arabera, lan egiteko behar diren materialak jarriko dituzte boluntarioen eskura: eskularruak, petoak, poltsak, balantza eta abar. Dena dela, uretan ibiltzeko oinetako egokiak (irristagaitzak) eta arropa erosoak jantzita joatea gomendatzen dute.