Itxi

Iruñeko jaiak

Tamaina handiko banderak eta oihalak debekatu dituzte sanferminetako txupinazoan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Gainera, aurreko urteetan bezala, Udaletxe eta Gaztelu plazetan debekatuta egongo da makilekin, beirazko ontziekin edota edari-potoekin sartzea.

2018ko txupinazoa. Argazkia: EFE

San Fermin jaietako bandoak galarazi egin du Udaletxe eta Gaztelu plazetan beirazko ontziak, makilak eta tamaina handiko bandera eta oihalak sartzea, arriskuak saiheste aldera.

Horixe da, hain zuzen, Enrique Maya alkateak sinatutako bandoak dioena. Horrez gain, trafikoan izango diren aldaketen, txupinazoaren antolaketaren, entzierroen eta eraso sexisten inguruan hartutako erabakien berri eman dute bandoaren bitartez.

Berritasun nagusia da txupinazora ezingo dela tamaina handiko bandera edo oihalik eraman, zuzenean edo zeharka, bi plaza horietan bildutakoen segurtasuna arriskuan jar dezakeelako. Esan bezala, beirazko ontziak, makilak eta edari-potoak ere debekatuta egongo dira.

Horren harira, Udalak espero du iruindarrek zein bisitariek sanferminak arazorik eragin gabe eta arduraz ospatzea.

"Ohiturari eta gizatasunari helduta, jaietan poztasuna erakutsi nahi dugu", dio bandoak.

Horretarako, aipatutako neurriak ez ezik, eraso sexistekin lotutakoak ere landu dituzte, "Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske" estrategiaz baliatuta.

Ildo horretan, emakumeei egindako edozein erasori erantzuteko deia egin diete herritarrei; erasoren bat jasan duen pertsona orori laguntza emanda edo erasotzailea aldenduta, adibidez.

Trafikoari dagokionez, aurten ere Iruñean aparkaleku laranjak jarriko dituzte, uztailaren 5etik 14ra arte, biak barne. Gehienez, 24 orduko txartela eskuratu ahalko dute toki horietan ibilgailua utzi nahi dutenek.

Udalak gogorarazi du, halaber, karabanek Trinitarios aparkalekua soilik erabili ahal izango dutela.


Albisteak (1)