Itxi

Donostia

Donostiako Aste Nagusiko suak botatzeko arduradunak aurkeztu dituzte

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Abuztuaren 10etik 16ra bitartean, Su Artifizialen 56. Nazioarteko Lehiaketan parte hartuko duten su-etxeak aurkeztu ditu Donostiako Udalak.

Donostiako su artifizialen nazioarteko lehiaketa. Artxiboko argazkia: EFE

Donostiako Udalak 2019ko Aste Nagusiko su artifizialen nazioarteko lehiaketan parte hartuko duten su-etxeak aurkeztu ditu astearte honetan. Su Artifizialen 56. Nazioarteko Lehiaketa abuztuaren 10etik 16ra bitartean izango da, eta, urtero bezala, Aste Nagusiari amaiera emateko, Ricasa su-etxearen ikuskizun piromusikala antolatu dute.

Larunbatean, abuztuaren 10ean, Valecea su-etxeak izango du lehiaketari hasiera emateko ardura. Berantevillan (Araba) dagoen enpresa honek sari ugari jaso ditu nazioarteko lehiaketetan. Udalak nabarmendu duenez, “Europan diren sektoreko instalazio modernoetako bat du, eta bertan ikertu eta garatzen dituzte efektu berriak, kolore bizi eta iraunkorrak, eta ikuskizunik handienak”. Su-etxe honek Brontzezko Maskorra irabazi zuen 2010ean.

Igandean, abuztuaren 11n, teknika tradizionalak eta modernoak uztartzen dituen Ciels en Fête konpainiak argituko du Donostiako zerua. 30 urteko ibilbide profesioanalak babestuta, egoitza Frantzian duen su-etxe honek ikuskizun handiak eskaini ditu Disneyland Parisen edota Stade de France-n.

Halaber, astelehenean, abuztuaren 12an, Italiako Scarsella su-etxearen txanda izango da. Udalak azpimarratu duenez, tradizio pirotekniko joriez baliatuta eta berrikuntzaren eta teknologiaren bitartez koloreak eta formen konbinazioak hobetzeko etengabeko nahiak bultzatuta, lehen mailako kalitateko erakustaldiak lantzea eta gauzatzea lortu dute.

Asteazkenean, abuztuaren 13an, donostiarrek ondo baino hobeto ezagutzen duten beste su-etxe batek koloreztatuko du hiria. Izan ere, Vulcano madrildarrak Brontzezko Maskorra irabazi zuen 2014an. Egunetik egunera aritu dira aukerak zabaltzen, eta, azkenean, garrantzizko leku bat lortu dute sektorean.

Gironina su-etxeak valentziarrek gustuko dituzten su artifizialak ekarriko dituzte Donostiara, asteazkenean, abuztuaren 14an. 2012az geroztik, ikuskizun piroteknikoetako jaurtiketen egitura osoa zabaltzen eta hobetzen oinarritzen dute beren ahalegin guztia. 2014an, Bilboko Aste Nagusiko su artifizialen nazioarteko lehiaketa irabazi zuten.

Ostegunean, abuztuaren 15ean, IP Innovative enpresa alemaniarrak bere filosofía zertan oinarritzen den agerian utziko du. Izan ere, “onenetik onena” eskaintzera ohituta daude haien ikuskizunetan, efektu bereziekin eta berriekin batera. Besteak beste, AC / DC, The Rolling Stones eta Tina Turnerrekin egin dute lan.

Donostiako Aste Nagusiari uko egin ezin dion beste su-etxe bat Caballer anaiek osatutakoa da. Haien lan onaren ezaugarriak berrikuntza, esklusibotasuna, segurtasuna eta fideltasuna dira. Azken bi urteetan Urrezko Mazkorra eskuratu dute, eta, abuztuaren 16an (ostirala), Su Artifizialen 56. Nazioarteko Lehiaketa irabazten ahaleginduko dira.

Urtero bezala, Ricasa su-etxearen ikuskizun piromusikalak agurtuko ditu jaiak, abuztuaren 17an. Udalak azaldu duenez, konpainia hau era guztietako gailu piroteknikoen fabrikazioan espezializatua dago eta ikerketaren arloan aitzindari da, baita edozein motako Su Artifizialetarako berrikuntzen eta efektuen sorkuntzan ere.

Hauxe da egitaraua:

- Larunbata, abuztuak 10: Valecea su-etxea (Araba)

- Igandea, abuztuak 11: Ciels en Fête konpainia (Frantzia)

- Astelehena, abuztuak 12: Scarsella su-etxea (Italia)

- Asteartea, abuztuak 13: Vulcano su-etxea (Madril)

- Asteazkena, abuztuak 14: Gironina su-etxea (Valentzia)

- Osteguna, abuztuak 15: IP Innovative konpainia (Alemania)

- Ostirala, abuztuak 16: Caballer su-etxea (Castello)

- Larunbata, abuztuak 17: Ricasa su-etxea (Valentzia)

Albisteak (2)

Informazio gehiago (1)