2014ko azken entzierroa
Izua eta zirrara Estafetan
Erredakzioa
Olivito 600 kiloko miurak bi korrikalari adarkatu ditu izterretan, eta baita perineoan ere bietako bat, eta beste bost korrikalari ospitaleratu dituzte traumatismoen ondorioz.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Miura zezenak 2014 sanferminetako azken entzierroko protagonistak izan dira, eta urteko lasterketarik luzeena eta arriskutsuena izan da. Zaurituen balantzea: bi korrikalari adarkadaz zauritu dira, eta bost, kolpeak hartuta.
Unerik larriena Estafetako bihurgunean izan da, Olivito 600 kiloko zezenak korrikalari bat behin baino gehiagotan adarkatu baitu bertan. Atzera ere egin du, Mercaderes kaleraino, korrikalari horren atzetik, eta bertan ere adar artean erabili du, hesiaren tarte bateko oholen artetik atera duten arte.
Zezena Estafetara bueltatu da, eta bertan bi minutu izan da noraezean, nahiz eta korrikalariek eta artzainek laguntzen saiatu diren, eta orduan beste korrikalari bat adarkatu du.
Telefonicako bihurgunean, Olivitok ezkerreko hesian zeuden korrikalarien kontra egin du, eta zalkiekin batera sartu da plazara ondoren.
Aurtengo sanferminetako zezenik arriskutsuenak gainerako zezenek baino bi minutu eta berrogeita zazpi segundo gehiago behar izan ditu. Lehenengo laurak euren kabuz sartu dira zezen plazan.
Bitartean, seigarren zezen bat zalkiek inguratuta heldu da plazara, eta anaiengandik bananduta.
Zezen-taldeak bananduta egin du ibilbidea puntu horretatik aurrera. Aurreko zezenek bi minutu eta hiru segundo behar izan dituzte plazan sartzeko; Olivitok baino hiru minutu gutxiago, alegia.
Gaurko entzierroa aurtengo azkena izateaz gain, tentsio handien eragin duena izan da, Mercaderes eta Estafeta bihurgunean bizi izandako une larriengatik. Miurek zuten mantso ospea ez da bete gaurkoan.
Entzierroak lau minutu eta 57 segundoko iraupena izan du guztira. Beraz, urteko luzeena izan da.