EKITALDI PROGRAMA
450 ekitaldi baino gehiago aurtengo sanferminetan
ERREDAKZIOA | AGENTZIAK
Joseba Asiron Iruñeko alkateak adierazi duenez, ikurrina erakusteko askatasuna egongo da.
2015eko sanferminetako programa ofizialak 459 jarduera izango ditu guztira, eta horietatik % 71 musikarekin lotuta egongo dira. Aurtengo berritasun gisa, gaiteroak arituko dira Gaztelu plazan txupinazoa jaurtitzeko ekitaldian. Foruen plazan kontzertuetara bideratutako gunea izango da, The Wailers taldearen parte-hartzea izanik guztien gainetik nabarmenena.
Beste 82 ekitaldi umeekin eta familiartean gozatzeko pentsatuta daude, besteak beste, erraldoi eta buru handien agurra hilaren 14an udaletxe plazan. Jarduera hori aurreko urteetan izandakoa baino interaktiboagoa izango da.
Guzti horrez gain, bederatzi piroteknia lehiatuko dira Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketan, guztien artean 6,2 tona lehergai zeruratuko dituzte.
Joseba Asirón Iruñeko alkatearen hitzetan, programa hau "aldi baterakoa" izango da, eta horren harira gaineratu du datorren urteko sanferminetako programa egiteko prozesu parte-hartzaile bat irekiko dutela, gizarte-eragileen iradokizunak batzeko.
Txupinazoari dagokionez, ekitaldian zehar ikurrina erakusteko askatasuna egongo dela jakinarazi du; izan ere, nola edo hala presente egongo omen da eraikinean.
Alkateak azaldutakoaren arabera, Iruñeko Orfeoiko eta Veleta peñako ordezkariek batera botako dute aurtengo txupinazoa. Lehendabizikoek sortu zirenetik 150 urte bete dituztelako, eta bigarrenek, berriz, sanferminetan horren ezaguna den janzkera zuri eta gorria sortu zutenak izan zirelako.
Bukatzeko, Asironek nabarmendu egin du jaiak hasi orduko ardura nagusia eraso sexistak prebenitzea dela. Udaltzaingoak zorroztasunez begiratuko du holako jarrerarik gertatu ez dadin txupinazoan.