Jaien balantzea
Sexu erasoak 'onartezinak' direla nabarmendu du Asironek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iruñeko alkatearen esanetan, irailean konponbideak bilatzen hasiko dira, "hurrengo urteko jaiak ezberdinak izan daitezen".
Joseba Asiron Iruñeko alkateak nabarmendu du sanferminetan jazotako sexu erasoak "onartezinak" direla. Dena dela, hori kenduta, San Fermin jaietan "normaltasuna" izan dela nagusi azpimarratu du.
Horren esanetan, "tentsioa sortzeko saiakerak" ere izan dira, baina kaleetako giroa "oso lasaia" izan da une oro.
"Aurtengo sanferminak primerakoak izan dira", adierazi du Asironek, baina sexu erasoak jaietako "orban beltza" direla aitortu du.
Hori horrela, irailean sanferminen inguruko mahaian konponbideak bilatzen hasiko direla aurreratu du, "hurrengo urteko jaiak ezberdinak izan daitezen".
Asironek eta EH Bilduko zinegotziek desfilean parte hartu dute gaur, baina ez San Ferminen zortziurrenaren mezan. Aranzadik eta Izquierda-Ezkerrak ez dute parte hartu ez batean ez bestean, eta gainerako taldeak bi ekitaldietan izan dira.