Donostia
Pedro Subijana, Urrezko Danborra 2015: 'Estualdi aparta pasa dut'
Erredakzioa
Erretiroa hartzeko gogorik ez duela ohartarazi die sukaldariak lankideei. ‘Akelarre’ jatetxean jarraituko duela erantsi du, “besteei zoriontsu egiteko lanbide batean aritzea polita delako”.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Donostiak eta bertako sukaldariek Pedro Subijana ondratu dute gaur. Subijanak Urrezko Danborra jaso du. Hiriko buruzagiak, lankideak eta senitartekoak ekitaldian izan dira.
Iñaki Gabilondo kazetariak Subijanaren ibilbidea goraipatu du. Gabilondoren hitzetan, Subijanak “guztien maitasuna biltzeko balentria lortu du”.
Mediku izan behar zuela aitortu du Subijanak, baina sukaldeak bere bizitzan gurutzatu zirela esan du. Erretiroa hartzeko gogorik ez duela ohartarazi die sukaldariak lankideei. ‘Akelarre’ jatetxean jarraituko duela erantsi du, “besteei zoriontsu egiteko lanbide batean aritzea polita delako”.
Saria jasotzeko orduan lagundu duten guztiei eskerrak eman dizkie Pedro Subijanak. “Estualdi aparta” pasa duela onartu du ekitaldian. Horrela, Pepe Dioni ostalari donostiarrari eskerrak eman dizkio; izan ere, Dionik saria jasotzeko proposatu zuen. “Sukaldarien eta ostalaritza sektore osoaren anaia sentitzen naiz”, adierazi du.
Luis Irizar, “irakasle handia”
Urrezko Danborra Luis Irizar “irakasle handiarekin” partekatu nahi izan du Subijanak. Irizarrek “gauzak ondo egiteko pozoia sartu” ziola esan du Subijanak. Era berean, ‘Akelarre’ jatetxeko lantaldea goratu du: “Luzaroan irautea polita eta garrantzitsua izango litzateke”.
Jardunaldi luzea Konstituzio plazan hasi zen gauerdian. Danbor-hotsek 24 orduko festari hasiera eman zioten Donostiako bandera altxatu eta gero. 127 danborradek Gipuzkoako hiriburuaren kaleak hartu dituzte.
Subijanaz gain, eguneko protagonista nagusiak haurrak izan dira berriro. Musika eta kolorea eman diote festari. Gainera, umeen danborradak eguraldia lagun izan du.
Umeak Alderdi Ederretik atera eta ordu erdi geroago, Donostiako udaletxearen bilkuren aretoan Urrezko Danborra emateko ekitaldia hasi da. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburua, besteak beste, bertan izan dira.
Subijana Urrezko Danborra jasotzen duen hirugarren sukaldaria da. Aurrenekoa Luis Irizar izan zen, eta urte batzuk geroago Martin Berasategik jaso zuen.
Lankideen omenaldia
Ekitaldiko unerik atsegin eta hunkigarrienean Subijanaren lankideek parte hartu dute. Amantalak jantzita eta sukaldeko tresnekin “armaturik” azaldu dira Gure Pedro kanta abesteko. Ramon Rotetak sukaldarien banda zuzendu du.
Besteak beste, Juan Maria Arzak, Elena haren alaba, Hilario Arbelaitz, Martin Berasategi, Juan Jose Castillo eta Karlos Argiñano sukaldariek abestu dute. Bestalde, Argiñanok Jaimito-ren txisten bat kontatu du.