Donostiarrentzako zozketa
Zabaldu dute 2016ko Danborrada balkoitik ikusteko zozketarako epea
O.A. | EITB.EUS
Donostian erroldatuta daudenek hiru bide dituzte zozketan parte hartzeko: Udalaren webgunean sartuta, 010 telefonora deituta edo Udalinforen bulegora joanda.
50 donostiarrek (25ek bandera igoeran eta beste 25ek bandera jaitsiera, eta bakoitzak lagun bat gonbidatu ahal izango du) 2016ko Donostiako danborrada Konstituzio plazako udal eraikineko balkoitik ikusteko aukera izango dute.
2016ko San Sebastian egunean Donostiako danborrada Konstituzio plazako balkoitik, zuzenean, ikus ahal izateko zozketan parte hartzeko epea zabalik dago; gaur hasi eta urtarrilaren 6ra bitartean. Zozketan parte hartzeko baldintzak segidakoak dira: adinez nagusi izatea eta Donostian erroldatuta egotea.
Gainera, saridunek ezingo dute igoeraren eta jaitsieraren artean aukeratu, lehenbiziko 25 zenbakiek banderaren igoera ikusiko dute (bakoitzak 16 urte baino gehiagoko lagun bat gonbidatu ahal izango du) eta gainerakoek, berriz, banderaren jaitsiera.
Donostian erroldatuta daudenek hiru bide dituzte zozketan parte hartzeko: Udalaren webgunean sartuta, 010 telefonora deituta edo Udalinforen bulegora joanda.
Zozketa publikoa izango da eta 2016ko urtarrilaren 8an egingo da, 18:00etan, Udalbatza aretoan.
Haurren danborrada
Era berean, 18 donostiarrek -bakoitzak lagun bat gonbidatu ahal izango du eta kasu honetan ez dago gutxieneko adinik- urtarrilaren 20ko haur danborrada udaletxeko balkoitik ikusi ahal izango dute.
Izena emateko baldintzak adinez nagusi izatea eta Donostian erroldatuta egotea dira.
Zozketan parte hartzeko izena emateko epea (abenduaren 14tik urtarrilaren 6ra arte) banderaren igoera eta jaitsiera ekitaldietarako berdinak dira, eta zozketa ere egun berean egingo da (urtarrilaren 8an 18:00etan Udalbatza aretoan).