Itxi

Euskadi Irratia Erreportajeak

Baratze urbano ekologikoak

Ainhoa Etxebeste

Euskadi Irratia

Aski da gogoa eta izerdi pittin bat botatzeko borondatea. Arrasateko Garagartzako udal ortuetan gainerako guztia dago. Ainhoa Etxebestek baratze urbano ekologikoen inguruko xehetasunak argitu ditu.

Eskobareak, bihortzak, laiak, aitzurrak, karretilak, otarrak edo lurra ureztatzeko ontziak ... denetarik dago udal baratze hauek hornitzeko biltegian. Eraikin berean daude komunak eta aldagelak eta beraz, baratzean aritzeko erropa eta oinetako egokiak aldatu eta lanean hasi besterik ez dago.

Kaletarrak

50 m2-ko azalera dute 87 udal ortuek. Pello Garai Arrasateko landa inguruneko teknikariak azaldu digunez, "udazkenean banatu zituzten eskatzaileen artean" eta lur sailak txikiak direla esaten zuten erabiltzaileek ere onartu behar izan dute "baratzea aurrera eramateko lan asko" egin behar dela .

Kaletarrak dira erabiltzaile ia denak eta beraz ikastaro txiki bat jaso zuten lanean hasterako. 7 udal ortu, gizarte zerbitzuei eskaini dizkiete beren beharretarako eta nola erabili aztertzen ari dira. Ikusmina sortu du esperientziak baina "gu ez gara aurrenekoak" esaten du Pellok.

Adin guztietako erabiltzaileak

Lur onenak industriak hartu dituen garaian, agenda XXI ekimenaren barruan berreskuratu zuten baratze ekologikoak egiteko orubea. Hondea-makinek "xapaldatan antolatu zituzten baratzeak" eskatzaileen arabera "adineko erabiltzaileak beheko txapaldatan eta gazteenak goikoetan" kokatu dituzte.

"Sorpresa izan da" udal teknikariarentzat jubilatu gutxik eskatu dutela baratzea eta harritzekoa gazte askok eman duela izena, "berdin neska edo mutilak".

Udaberria

Udaberriko arratsalde batean aurkitu ditugu beren baratzak lantzen Mikel eta Iñaki. Goizez egin dute ohiko lana eta arratsaldea eskaintzen diote hoby-ari . Mikel "erlajatzera" etortzen da baratzera bi edo hiru ordu aritzen da eta badaki presaka iharduteak hemen ez duela balio. Orain hilabete erein zituen marrubi landareei begira dago: "natural gustatzen zaizkit, azukre edo natarik gabe ... freskatu eta barrura". Aurten uzta handia edo txikia izango duen pentsatzeak ez du kezkatzen "zerbait ateraz gero pozik" geratuko da.


Haziak erein

Iñakik, ez du denbora handirik izan orainarte eta aurtengoz baratzearen erdia bakarrik prestatuko du "tomatea , lekak ... eta piperrak" sartzeko asmoa dauka. Orainarte , etxeko terrazako lorontzietan atera izan du uzta txikia "ez da berdin, hemen lur gehiago dago eta ale handiagoak ateratzen dira".

Mikelek ere etxeko lorontzietan erein zituen gaur aldatzera dihoan landareak "haseratik ikusi nahi nuen prozesua, txikitatik etxean jaso nuen kulturatxoa berreskuratzeko". Horixe da udal ortuen berezko helburua "baserriari , sektore zapaldu horri , oihartzun piska bat ematea" Garaik azpimarratu digunez .


Ekologikoa

Landaketak , modu ekologikoan "molekula kimikorik gabe" egiten dira Garagartzako ortuetan . "Giro polita sortzen ari da erabiltzaileen artean " esaten du Mikelek. "Dakienari galdetuz" ezagutza konpartitzen dutela dio berriz Iñakik. Bistakoa da, gogo onez etortzen direla lanera eta gauza berriak ikastera.



Audioak (1)