Itxi

EITB +

Baserri ondare ezkutuak

Ainhoa Etxebeste

Euskadi Irratia

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare sailak hala eskatuta Gipuzkoako baserrien ondare bilduma osatzen ari dira Josu Tellabide Etnologoak eta Asier Agirresarobe injeniariak.

Amasako baserriak aztertzen topatu ditugu Josu Tellabide Etnologoa eta Asier Agirresarobe injeniaria. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare sailak hala eskatuta Gipuzkoako baserrien ondare bilduma osatzen ari dira. Roke Rezabal Aldundiaren ondare historikoko teknikariak azaldu digunez "orain hogei urte hasi ziren lan horretan baina inbentarioak hutsuneak ditu eta aldaketak izaten dira eta beraz inbentarioak gauza bizia izan behar du".

Altxor ezkutuak

Josu Tellabide eta Asier Agirresarobek baserriz baserri joaten dira argazki kamara , metro luzea eta apunteak hartzeko papera aldean dituztela. Tellabidek zehatu digu "egun Gipuzkoan zazpi mila baserri dago , garai batean zeuden hamabi bat milatik". Erosotasunak ez ezik "suteek eta bestelako desgraziek" badute zer esana horretan.

Asierrek azaltzen digunez baserritarrek borondate onez erakusten dizkiete beren etxeetako horma, zuraje eta egiturak "baserri asko hutsik daude eta bertan jabeak topatzen ez ditugunean ,aldez aurretik deitu eta zita egiten dugu baserria barrutik ikusteko . Izan ere kanpotik begiratuta nekez antzeman litezke barruak gordetzen dituen altxorrak "arkitektura historikoa eta etnografiaren aldetik" Roke Rezabalek azpimarratzen duen bezala .

Askotan, baserritar beraiek ez dute jakiten non bizi diren."XVI. mendeko baserria da" esaten dio Josu Tellabidek aztertzen ari garen baserriko etxeko andreari "zaharra zela bai , baina horrenbeste" erantzuten dio emakumeak harrituta.

Garestia

Baserriak zahar berritzeko diru asko behar da, "teilatua eman genion" azaltzen digu Bittor baserritarrak "baina baserriak gaur egun ematen duenetik ezin da eta diru laguntzarik ez dago" dio kexati. Roke Rezabal Gipuzkoako aldundiko teknikariak
laguntzak egon badaudela ohartarazten du nahiz eta onartu, ez direla nahikoa izaten.

Nola nahi , baserrietako egitura asko ta asko osorik eta egoera onean izaten dira eta ondare historikoko teknikariek egitura zahar horiek mantendu eta zahar berritu edo konpontzeko aholkua ematen dute dena berritu beharrean. Hain zuzen ere porlana
izan da baserri askoren galbidea urteen joanean .

Sarean

Josu Tellabide eta Asier Agirresarobek baserri bakoitzean jasotzen duten infomazioa bulegoan osatzen dute teknología berriak baliatuz "baserri kanpo eta barruko argazkiak, fitxa teknikoak eta berezitasunak" plano eta guzti . Aldundiko ondare teknikariak zehazten digu fitxak ondareaz jakin nahi duen edonoren eskura daudela "laster sarean ere jarriko dira erabilgarri". Tellabideren esanetan "baserri askok zutik irautea miraria da eta ondare hori mantendu izana baserri jabe edo maizterrei eskertu behar zaie".

Audioak (2)