Itxi

Lehiaketa

Mirari Irurek irabazi du aurtengo "Maite dut irratia" lehiaketa

Epaimahaiak ehun lan baino gehiagoren artean hautatu du berea.  Berlinerako bidaia irabazi du.

Autoa eta irratia lotzen dituen kontakizunak irabazi du "Maite dut Irratia" lehiaketako laugarren edizioa. Mirari Irure da egilea, eta ehun lan baino gehiagoren artean aukeratu du, ostiral goizean, Iratxe Retolaza, Xabier Gantzarain eta Xabier Erkiziak osatutako epaimahaiak.

Laugarren edizio honetan "Maite dut Irratia" lehiaketak aldatu egin du formatua. Audio mezuetan bidalitako kontakizun laburrak izan dira lehian, eta, ariketa zaila izanda ere, lan kopurua handia jaso dutela azpimarratu nahi izan du epaimahaiak.

Denen artean, Mirari Irurek bidalitakoa hautatu dute epaimahaikideek, espazioaren eta denboraren arteko lotura egiteko moduagatik, batetik; eta AM eta FM letrekin hitz joko iradokitzaile eta soinuzkora eramaten bikain asmatu duelako, bestetik.

Irabazleak Euskadi Irratiari adierazi dionez,  lanerako joan-etorrietako batean bururatu zitzaion ideia, eta balekoa izan zitekeela jabetuta erabaki zuen forma eman eta audio mezuan bidaltzea. Ez zuen, hala ere, saridun aukeratuko zutenik espero.

“Maite dut Irratia” lehiaketako laugarren edizio honetako irabazleak bi lagunentzako Berlinerako bidaia eramango du saritan.

Audioak (1)