Itxi

Elkarrizketa

Gotzon Iparragirre: 'Ibonek ez du iraungo hiru hilabete bakartuta'

eitb.com | Euskadi Irratia

Preso ondarroarra Navalcarneroko espetxean bakartuta daukate. Haren egoera salatu du Gotzon Iparragirrek, Ibonen anaiak, Euskadi Irratian.

Navalcarneroko espetxean den Ibon Iparragirre Ondarroako presoa bakartu egin dutela ezagutu ostean, haren egoera salatu dute senideek. Ez dakite zergatik bakartu duten, baina argi dute horrela ez dituela hiru hilabete iraungo.

"Auskalo zer gertatu den", esan du Gotzon Iparragirrek, Ibonen anaiak, baina ez zaio "arraroa" iruditu. "Jasaten ari den jazarpenaren ondorioa da; babesgabe egotearen ondorioa", adierazi du. Ostiralean, funtzionario batekin izan zuen liskarra, ziega txukun ez izateagatik, esan du haren anaiak. "Ni seguru nago ziega ez duela txukun. Niri anaiak disfuntzio kognitibo bat dauka, eta, horren ondorioz, ez du ongi ikusten eta gauzak nahastu egiten ditu", azaldu du.

38 urteko presoak hiesa dauka, C estadioan, eta horrek ikusmen arazoak eta buruko nahasmena eragiten dizkio. Tratamendu medikoa beharrezkoa duen arren, ukatu egin diotela esan du Gotzon Iparragirrek. "Espetxeko funtzionarioek presoa iraintzeko estrategia martxan dutela" salatu du.

"Datozen hiru hilabeteetan bakartuta izango dutela esan diote, eta, horrela bada, nire anaia ez da espetxetik bizirik aterako", azpimarratu du Gotzon Iparragirrek "Faktoria" saioan.

2011ko urritik etxean, Ondarroan, ari zen betetzen espetxealdia, segurtasun neurri zorrotz artean eta eskumuturreko telematikoa jarrita zuela. Martxoan berriro atxilotu, eta Basauriko espetxera eraman zuten. Handik Navalcarnerora urrundu zuten apirilean, eta geroztik haren egoerak okerrera egin du.

Audioak (1)